ARTEA

Non demontre dago Wichita?

Horixe da David Hornback argazkilariaren argazki-liburuaren titulua. Gaur berton, Zarauzko Photomuseumean,18:00etan, aurkeztuko dute hitzaldi baten bidez.

Lanaren nondik norakoak ezagutzeko, irakur ezazue ondoko testu hau: Estatu Batuetako urrutiko eskualde batean, 1970eko hamarkadaren amaieran, 15 urteko gazte batek 35 mm-ko kamera hartu zuen eskuetan, zuri-beltzeko filma errebelatzen ikasi, eta inguruan zuen guztiari argazkiak ateratzen hasi zen: lagunei, ikaskideei, maskotei, familiari eta bizilagunei. 17 urterekin, argazkiak eta negatiboak jaso zituen bi kutxatan eta familiaren etxeko atikoan gorde ostean, unibertsitatera joan zen foto-kazetaritza ikastera.

Bi hamarkada geroago, Berlinetik Wichitara egindako bisitan, negatiboen kutxak berreskuratu zituen. Berlinera eraman eta bere familiaren negatiboen aukeraketa bat inprimatu, eta, 2000. urtean, Berlingo galeria batek bere lana erakusteko aukera eman zion. Jarraian hainbat erakusketa egin zituen Milan, Bilbo, Napoli eta Europa osoan.
2019an, proiektuak dirulaguntza jaso zuen eta argazkiekin Where the Hell is Wichita? (Non demontre dago Wichita?”) izeneko fotoliburua argitaratu zen.

Liburuak bizitza sinplea eta zuzena zen garai batera garamatza, ateak ez zeuden inoiz giltzaz itxita, haurrak aske jolasten ziren auzoan eta familiek mahai handi baten inguruan afaltzen zuten gauero. Gure memoria kolektiboan, bizitza horrekin identifika gaitezke. Agian gure aitona-amonak eta gurasoak horrela bizi izan dira. Aro predigitala zen, telefono mugikorrik gabe, ordenagailurik gabe, Interneteko distrakziorik gabe. Eta hori guztia 15, 16 eta 17 urteko gazte batek harrapatu zuen bere bigarren hezkuntzako urteetan; gerora ahaztua izateko, eta, kasualitatez, berreskuratua eta azkenik, argazki liburu eder batean bihurtua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button