LITERATURA

Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe

Joan den urtearen hondarretan, Miren Agur Meabe idazlearen Nola gorde errautsa kolkoan (Susa) izeneko poema liburuak argia ikusi zuen. Harrezkero hainbat tokitan ari da poemario berria aurkezten. Oraingo honetan Gernikaraino joango da, hilak 26, bertako Lizeo Antzokian izango baita Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe izeneko emanaldia burutzeko.

Ikusgarria Miren Agur Meaberen poesia liburu berrian oinarritzen den ikuskizuna da. Bertan idazle lekeitiarrak poema batzuk irakurriko ditu, eta berarekin batera, oholtza gainean Amoranteren musika entzun, eta Aitor Gametxo zinemagilearen irudiak ikusi ahal izango dira zuzenean.

Miren Agur Meaberi bizitzaren joan-etorrietan, iraganaren errautsak gordetzeko urna moduko bat bilakatu zaio kolkoa. “Izenburu alegoriko bezain ironikoa dauka Miren Agur Meaberen poema liburu berriak, zeinetan azken hamarkadan hainbat gairen inguruan idatzitako poemak biltzen dituen: nortasuna eta memoria, genealogia femeninoak, bidea locus ideal gisa, desamodioa, dolua, indarkeriazko ekintzetan dugun ardura, poesiaren gaineko gogoeta.”

Berak dio libururik trinkoena atera zaiola. Poemak ederrak, sakonak eta hausnartzeko bazka emango dutenak izango dira, halabeharrez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button