
Euskadiko Filmategiak bultzaturiko Euskal emakume zinemagileak zikloak aurrera darrai. Aste honetan film bat ikusteko aukera egongo da: Zarata (Tamara García Iglesias, 2023). “Nola eragiten dio bizitza pribatuak arteari? Julenek erabili egiten ditu pertsonak. Gizon batek film bat egiteko baliatzen duen boterea eta nagusitasuna. Marianek bere lagun June erabiltzen du. Adiskideak erabiltzea film bat egiteko. Pertsonak erabiltzea pelikula bat egin ahal izateko. Dirua. Agian film batek ez du zerikusirik ez artearekin, ez narrazioarekin; agian boterea erabiltzeko beste modu bat baino ez da.”
Bihar, hilak 17, Gasteizeko Artium Museoan ikusgai izango da film hori, 19:00etan hasita, eta etzi, 18an, Donostiako Tabakaleran.
Zikloak 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran jaiotako zuzendarien hamaika film eskainiko ditu udazken honetan.
Zikloaren antolatzaileek esan duten moduan, “Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan.
Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere”.