BESTELAKOAK

Japoniako kulturari eskainitako Mangamore jaialdia, Amorebieta-Etxanon

Japoniako kulturari eta manganime delakoari buruzko jaialdiaren hamaikagarren edizioa urriaren 6tik 8ra ospatuko da, Amorebieta-Etxanon. Mangamore jaialdiaren barruan ehun jarduera baino gehiago programatu dira: tailerrak, musika-emanaldiak, txapelketak, bideo-jokoak, haur-jarduerak, etab.

Aurtengo edizioan, Japoniako pop kulturan jarraitzaile gehien dituen youtuberretako bat, Kalathras, Bizkaiko herri horretan izango da. Musikak toki garrantzitsua izango du Mangamoren. Areatzako Bandak Japoniako telesail ezagunenen abestien bertsioak egingo ditu, Zelaieta zentroko pilotalekuan. Horrez gain, Nyorobotics japoniarrek zein Panicrew feat Lunak kontzertuak eskainiko dituzte.

Japoniako moda eta manga  ere presente egongo dira Zornotzako jaialdian. Tamara Ferrero diseinatzaileak jaialdirako sortutako moda-desfile bat ikusi ahalko da. Bisitariak ere bideo-jokoetan aritu ahalko dira retro itxurako jolas-gela batean. Gainera, Pokemon bezalako jokoak, Cosplay txapelketa tradizionala eta Shogi zein Yu Gi Oh jolasak (kartak) ere egongo dira.

Larunbatean, Your Name filma jarriko da Zornotza Aretoan, eta Cine Made in Asia blogeko Jonny Blancok aurkeztuko du. Era berean, Hotaru antzerkia eskainiko da, Scena13 taldearen eskutik. Egun horretan bertan, txikientzako mozorro-lehiaketa egingo da Ogenbarrenan, eta gauez Yui Kanan DJa arituko da Zelaieta parkean.

Ordutegiak eta bestelako xehetasunak, jaialdiaren webgunean dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button