
Néstor Basterretxearen mendeurrenaren ospakizunen barruan, Néstor Basterretxea Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea erakusketa duzue ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan, otsailaren 2ra arte. Egun hauetan, horren inguruan, hainbat bisita gidatu eta hitzaldi antolatu dira bertan, herritarrei Basterretxearen obraren sakontasuna eta aniztasuna hurbiltzeko.
Erakusketak Basterretxearen alderdi ez hain ezagunean murgiltzeko aukera paregabea eskainiko die herritarrei, diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile gisa egiten duen lana ardatz hartuta. Erakusketa lau ataletan antolatuta dago: diseinu grafikoa, ilustrazioak, marrazkiak eta kartelak.
“Lan hauek sortzailearen aldakortasuna erakusten duten pieza intimoak eta euskal kulturaren benetako ikur bihurtu diren beste batzuk biltzen dituzte. Erakusketak artistaren ibilbideko alderdi ezagunenak nabarmentzea ez ezik, haren obrari buruzko begirada berri eta desberdina eskaintzea ere bilatzen du. Bilboko Arte Ederren Museoak 2013an antolatutako aurreko erakusketa batean ikusi ahal izan ziren kartel batzuk izan ezik, aurkeztutako pieza gehienak argitaragabeak dira. Eskultore gisa duen alderdian zentratu beharrean, erakusketa honek euskal iruditeria kolektiboa ulertzeko duen gaitasuna nabarmentzen du, diseinua eta ilustrazioa bezalako diziplinen bidez.”
Diogun moduan, hil honetan hainbat hitzaldi eta bisita gidatu ere antolatu dira. Hala, urtarrilaren 16an, 19:00etan, El Grupo Gaur: Néstor Basterretxea y la vanguardia vasca gaiari buruz mintzatuko da Aitor Aurrekoetxea EHUko filosofia irakasleak. Urtarrilaren 23an, 19:00etan, Andere Larrinaga EHUko Artearen Historiako irakasleak Néstor Basterretxea. Artelana eta bizitza hitzaldia egingo du.