ESZENA

Leioako Umore Azoka maiatzaren 17an hasiko da

Maiatzaren 17tik 20ra bitartean gauzatuko da XIII. Umore Azoka. Kaleko eszenari dedikaturiko jaialdi erraldoiaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur goizean Eneko Arruebarrena Leioako Alkateak, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak eta Ana Lopez ekimenaren zuzendariak Bilboko Rekalde Aretoan, horretarako propio egin den prentsaurrekoan.

“Umore Azoka arte eszenikoen hitzordu handia bilakatu da aspalditik, eta egun hauek gorriz markaturik egoten dira zale askoren egutegietan”, esan du Eneko Arruebarrena Leioako Alkateak. Izan ere, ekimen hau kale antzerkiaren erakusleiho handi bat izaten da, eta hala gelditzen da islaturik partaidetza kopuruagatik zein atzerrian sortu duen ikusmirarengatik.

Hala, 400 lan baino gehiago jaso dira Bizkaiko udalerri horretan, eta “lan nekoso eta handi baten ostean”,  45 konpainia eta 47 ikuskizun ezberdin plazaratu eta karrikaratuko ditu jaialdiak, obra hauetatik 20 behin betiko estreinaldiak direlarik.

Aipagarria da 17 konpainia Espainiatik datozela (Valentzia, Andaluzia, Madril,..), Kataluniakoak ere asko direla,eta Euskal Herriko konpainiek 14 ikuskizun estreinatuko dituztela. Urrunagotik hurbilduko diren taldeak,  Frantzia, Argentina, Alemania, Belgika eta Italiatik etorriko dira. Guztira 120 emanaldi baino gehiago ikusteko aukera egongo da Umore Azoka  berezi honek irauten duen lau egunetan.

“Ahalegin handia egin da aurten ere kaleko arte honek  behar duen bultzada jaso dezan, proposamen berriei jaramon berezia eginez, eta sorkuntza eta berrikuntza arriskugarrienak ere kontuan izanik”, adierazi du Ana Lopez ekimenaren zuzendariak.

Eta hala, urtero bezala, joan den urtean 50.000 ikusle izan ziren Leioan, milaka ikusle biltzea espero da bai kale ikuskizunekin gozatzeko zein horren inguruan egingo diren jarduera paraleloetan ( Euskadiko Kale Arteen XIV. Topaketa Profesionalak, Argazkigintzako esku hartzea hiriguneetan,…) parte hartzeko ere.

Zehatz-mehatz jakin nahi baduzue zein talde arituko den eta noiz edo non, hemen duzue agenda.

Show More

Related Articles

Back to top button