MUSIKA

The Brian Jonestown Massacre banda psikodelikoak Donostian joko du gaur

The Brian Jonestown Massacre (BJM) talde estatubatuarrak Donostiako Gazteszena aretoan joko du gaur, 21:00etatik aurrera. Emanaldia Dabadaba aretoak ondu du.

BJM psikodelia garaikideko ordezkari nagusienetakoa da. Taldea Anton Newcombe musikariak gidatzen du, eta 1990eko hamarkadaren hasieran eratu zen Kaliforniako San Francisco hirian Matt Hollywood, Ricky Rene Maymi, Patrick Straczek eta Travis Threlkel musikarien laguntzarekin.

1995ean, Methodrone izenburuko estreinako lana argitaratu zuten, BOMP zigilu estatubatuar mitikoaren bitartez. Harrezkeroztik, makina bat disko plazaratu dituzte.

Ibilbide luze horretan The Dandy Warhols Taldea izan dute lagun; DIG! (2004) dokumentalak, hain justu, harreman hori jorratzen du. Filma Ondi Timoner musikariak zuzendu zuen, zeinak BJMen ia kantu guztiak idazten dituen. Horretaz gainera, taldearen diskoak grabatu eta ekoizten ditu, ziztuan eta ahalik eta merkeen.

Taldeak iaz bi lan kaleratu zituen: Musique De Film Imaginé eta Mini Album Thingy Wingy, biak ala biak A Records diskoetxearen markarekin. Aurten, Sun ship izenburuko diskoa argitaratuko dute; hori ere A Records diskoetxearen zigilupean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button