IKUS-ENTZUN

Nahi dugun bezala bizitzeko aldarria

Zinegoak 2022ko programazioa aurkeztu du eta otsailaren 28an hasiko da ofizialki Arriaga Antzokian egingo den inaugurazioarekin. Jaialdiak hiru kategoria izango ditu sail ofizialean (FIK, DOK, KRAK), film laburren bi ziklo berri estreinatuko ditu (Trantsizioak eta Maitasunezko Poliedroak) eta nazioarteko zinegile eta epaimahaien bisitak berreskuratuko ditu. Gainera, Zinegoak Sari Nagusia EITBk babestuko du eta 4.000 euroko balioa izango du.

“Aurtengo Zinegoak jaialdiak arreta jarri nahi du gure identitatea eraikitzeko eta geure burua nahieran birpentsatzeko eta berrasmatzeko aukera ugarietan. Alegia, nor garen eta geure burua nola izendatu nahi dugun erabakitzeko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzeaz ari gara, betiere begirada irekia ezarrita sexu-aniztasunaren, orotariko orientazioen, genero-identitatea eraikitzearen edo sexualitatearekin loturiko edozein elementuren gainean.”

Lehen aste horretan, jaialdiko film guztiak aurkeztuko dira hiru egoitza nagusietan: Golem Alhondigan, sail ofizialeko hiru kategorietako (FIK, DOK, KRAK) film guztiak proiektatuko dira. Martxoaren 1etik 6ra bitartean, Bilborock Euskaltel Aretoa izango da, film laburren egoitza ofiziala; izan ere, aurten sail ofizialeko ziklo guztiak bertan proiektatuko dira, 19:00etan, eta doako sarrera izango du lekua bete arte. Azkenik, BilbaoArteko ArtHouse Zinema aretoan Albertina Carri ohorezko sariaren atzera begirakoa ikusi ahal izango da.

Aurrez aurreko programazioaz gain, Zinegoakek bere leiho digitala mantenduko du Filminen, eta Euskal Herriko 45 herri baino gehigotara helduko da ZG Hedapenari esker. Jaialdiak ZG PRO topaketa profesionala indartuko du martxan dauden proiektuen aurkezpenekin, masterclassekin eta Europako LGTBI+ jaialdien topaketarekin.

Aurten, ohikoez gain beste jarduera bat estreinatuko da: ZineGogoak. Aniztasuna ikastetxeetara gerturatzeko tresna berri bat da. Portugaleteko Udaleko Gazteria eta Kirola Sailarekin lankidetzan, martxan jarriko da ZineGogoaken lehen edizioa, eta helburua gero eta herri eta eskola gehiagotara iristea da, haiekin eskuz esku lan egiteko.

Zinegoak 2022ko programazioa hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button