
Bilboko Kalealdiaren XVII. edizioa gaur gauean jarriko da martxan, Arriaga plazan egingo den zirku garaikideko Lurrak ikuskizunaren aurkezpenarekin. Jaialdia ekainaren 27tik uztailaren 2ra luzatuko da Euskal Herriko eta nazioarteko kaleko arte eszenikoen proposamen ederrekin.
Programazioaren barruan kaleko antzerkitik musika ibiltarira, zirku garaikidera, clownera, kabaretera, dantzara edo aireko akrobazietara doazen ikuskizunak jasoko dira, eta baita umorez eta originaltasunez betetako beste batzuk ere, ikus-entzule guztientzat. Guztira berrogeita hamar ikuskizun baino gehiago izango dira Bilboko Areatzako, Plaza Barriko, Casilda Iturrizarreko eta Arriagako Plazako agertokietan.
Gaur berton, ekainak 27, lehen ikusgarria izango da Arriaga Plazan, gaueko 22:30etik aurrera: Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoiztu duten euskal zirku garaikideko Lurrak.
Horretaz gain, 28 konpainiak hartuko dute parte, horietatik zazpi Euskal Herrikoak dira (Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Markeliñe, Marie De Jongh, Pez Limbo, Garazi Pascual eta Iván González) eta besteak Espainia, Frantzia, Belgika edo Suitzatik datoz.
Estreinaldiak ez dira faltako, horien artean azpimarragarriena Pol & Fredy konpainiaren Le cirque démocratique de la Belgique, “demokraziaren mugei eta gehiengoaren diktadurarako joeren umorezko antzezlana”.
Uztailaren 1ean eta 2an Areatzako kaian, Kadabresky konpainia frantziarrak malabar, akrobazia, oreka eta poesiaz betetako L’effet escargot zirku ikuskizuna aurkeztuko du. Beste aldetik, gehien itxaroten den ikuskizunetako bat, Bilboko Kalealdiaren edizio hau itxiko duena izango da, uztailaren 2an, Arriaga Plazan: Cirque Rouagesek Sodade ikuskizuna eskainiko du Euskadin lehen aldiz.
Bilboko Kalealdiaren edizio honetan euren azken lanak eskainiko dituzte Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Marie De Jongh, Pez Limbo, Markeliñe, Garazi Pascual eta Iván González euskal konpainiek dantza, zirku, kaleko antzerki edo clown proposamenak eramango dituzte Bilboko txoko askotara.
Programazio osoa, ordutegiak, kokapenak eta abar, Kalealdian duzue.



