Elgoibarreko Kultur Etxeko Erakusketa Gelan, irailaren 6tik 21era, Jon Andoni Martin argazkilariaren Kolodioi hezea erakusketa izango da ikusgai.
Jon Andoni Martinek kolodioi hezearen teknika erabiliz osatu du argazki erakusketa hori. Baina zertan datza teknika hori? “Kolodioi hezearen teknika fotografikoa Gustave Le Grayk deskribatu zuen eta, azkenik, 1851an Frederick Scott Archerrek sintetizatu. Esan liteke argazkigintzaren munduan lehen iraultza demokratizatzaile handia izan zela, zeinaren bidez argazkigintza publiko zabalarentzat eskuragarria bihurtu baitzen dagerrotipoa bezalako beste teknika garesti eta arriskutsuen aurrean. Hala ere, teknika honek, gure mugikor eta gailu digitalek ez bezala, argazkigintzarekin adina du zerikusia artisautzarekin eta alkimiarekin. Argazkilaria prozesu guztiaren arduraduna da, ingurunea egokitzetik hasi eta plakaren garapenean esku hartzen duten kimikoak nahasteraino, eta une oro kontrolatzen du ingurumen-baldintzak betetzen direla elementu kimikoen konbinazio iragankor horrek bere lana egin dezan. Prozesua kolodioiaren isurketarekin hasten da, zeinak argazki-filmarena egingo baitu aluminiozko edo beirazko plakaren gainean. Ondoren, emultsionatutako plaka, zilar nitratozko bainu batean murgilduko dugu minutu batzuetan, eta kolodioian esekitako gatzen bidez erreakzionatuko du plaka fotosentikor bihurtuz. Material sentikorra lortu ondoren, plaka txasis batean sartuko dugu, iluntasunean, eta hori izango da kameran kargatuko duguna. Argazkia ateratzen kontzentratzeko unea da, horretarako, segundo batzuetako esposizio bat beharko dugularik, non pertsonak erabat geldi egon beharko duen. Txasisa aterako dugu beraz kameratik laborategira eramateko. Bertan, errebelatze klasikoaren hiru faseetatik igaroko da eta azken emaitza emango digu, kontu handiarekin garbitu, lehortu eta bernizatu beharko da bere propietate iraunkorrak eskuratu aurretik”.
Artisau prozesu berezia da, eta batzuetan sortu diren inperfekzioek objektu paregabe bihurtzen dituzte erretratuak.