IKUS-ENTZUN

Nafarroako Filmotekak “Rififi” pantailaratuko du gaur

Jules Dassin zingileak 1955ean estreinatu zuen Rififí. Filma Europan ekoitzitako noir generoko film nagusienetakoa da. Bada, gaur, Nafarroako Filmotekak pantailaratuko du, 20:00etatik aurrera,

Ezinbesteko zinema zikloaren baitan.

Nafarroako Filmotekaren arabera, “zinema beltzaren erreferentzia handietako baten aurrean gaude. Plano bat ere ez dago alferrik. Guztia milimetroz milimetro dago neurtuta, eta, batez ere, amaiera, genero honetako amaiera liriko handienetako bat”.

Filmak hauxe kontatzen du: Bost urtez kartzelaratua izan ostean, Tony Le Stephanois kalera aterako da, bere bizitza aldatzeko asmoz. Espetxea utzi eta berehala jakingo du maitalea gangster batekin dabilela. Egoera latza horren aurrean, bere ohiko jardunera bueltatuko da, alegia, lapurretara: Pariseko bitxi-denda bat lapurtuko du lagun talde baten laguntzarekin.

Lapurretaren eszena, hain zuzen, filmaren unerik hunkigarriena da: tutik ere esan gabe, isiltasun osoan filmatua dago. Dassinek zuzendaririk onenari emandako saria jaso zuen Cannesgo Zinema Jaialdian 1955ean, New Yorkeko zinema-kritikarien Zirkuluko saria eta kritikari frantziarrena.

François Truffautek hauxe esan zuen filmaren harira: “Irakurri dudan eleberri okerrenarekin, Dassinek inoiz ikusi dudan zinema beltzeko filmik onena egin zuen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button