IKUS-ENTZUN

Euskal Dokumentalaren Astea Gasteizen

Vital Fundazioak antolatutako Euskal Zinema Dokumentalaren Astea gaurkotasuna eta kalitatea uztartzen dituen generoari protagonismoa ematen dion ekimena da. Urtero, udazkenean, duela hamar ediziotik gora, aurreko urteko dokumentalik onenak aurkezten dira Gasteizen, euskal profesionalek zuzenduak eta askotariko gaiak jorratzen dituztenak.

Jardunaldi bakoitza dokumentalaren aurkezpenarekin hasten da eta proiekzioaren ostean protagonistekin solasaldi bat egiten da, non ikusleek modu aktiboan parte har dezaketen. Proiekzio guztiak 19:30etan hasten dira eta sarrera librea izaten da edukiera bete arte.

Gaur, urriak 23, “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” lana eskainiko da pantailan. Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztuta gelditu den abeslari gaztearen biografia kontatzen du. Kapsulatua, enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala, ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo ekarri nahi izan du gogora Inge Mendioroz zuzendariak. Euskararen transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen, eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak.

Bihar, urriak 24 eta zikloari amaiera emateko, 70. hamarkadan hasi zenetik gaur egun arte erreferentea izan den Itoiz taldearen historia kontatzen duen dokumentalaren txanda izango da, “Itoiz Udako Sesioak”.

Show More

Related Articles

Back to top button