ARTEA

Musikaren eta pinturaren arteko lotura

Igor Agirre artistak Gasteizeko Orbain Kultur Elkartean No Poso izeneko erakusketa jarri du ikusgai maiatzaren 31ra arte. Bertan musikaren eta pinturaren arteko loturan sakondu nahi izan du.

Bere erakusketa definitzeko orduan hauxe esan du artistak:  “Zintzoa izan nahi nuen, eta burutik ateratzen zitzaidan guztia askatu, moztu gabe, eta, horretarako, akuarelaren gainean jarri nintzen beste behin ere, haren forma apetatsuak eta kontrolik gabeko urmaelak sortuz”, azaldu du artistak.
”Nire eskuak libre egiten du lan; ura, pigmentua, papera eta, airea!. Hau da, sortze-prozesua hasten da, akuarela orbanen gainean bat-bateko marrazkiak interpretatuz”.
Bere bizitza markatu duten biniloek eta bertako abestietako letrek eta portada horien estetikak inspiratu egiten dute artista arabarra. “Etzaten naiz, begiak ixten ditut, pausatzen utzi nauten disko horiek berreskuratu eta entzuten ditut. Orban iradokitzaileen euskarria, ariketa hau osatzeko binetak zehaztuta dauzkat, bolumena beste puntu batean igotzen dut eta marrazkiak inprobisatzen ditut, ariketa zintzoa, zintzoa eta gogorra da, pentsatu gabe sinesten baitut, birbobinatu gabe”. Eta honakoa gehitzen du: “Hor daude diskoen azalak, hor dago lotura hori. Nire gaztetako oroitzapenetan biniloaren fetitxista gisa hamaika eta behin entzun ditudan diskoak daude. Azaletako milimetro bakoitza eta barruko libretoak entzuten eta errepasatzen (zoragarria zen), gogoratzen dut erostera joan eta etxera iritsi nahi nuela irekitzeko, autobusean listua botaz eta gogoari eutsiz, erritualak une egokia eta dedikazioa eskatzen baitzuen”.

Bere zirriborroek bizitzaz, heriotzaz, drogaz, sexuaz, protestaz, kezkaz betetako eszena harrigarriak erakusten dituzte.

Igor Agirre EHUko Leioako campusean trebatutako artista da, eta dekorazio zeramikoan espezializatu zen Gasteizko Arte Aplikatuen eskolan. Erakusketa askotan parte hartu du eta hainbat lehiaketa ere irabazi ditu. Bere kezka artistikoari berriro ekitea erabaki du eta  erakusketa kolektiboak, leku alternatiboak, garajeak, kalea edo espazio abandonatuak erabiltzen ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button