
Tabakaleraren 10. urteurrenaren barruan, Musika Dena eta ez Dena Festibalaren bigarren edizioa egingo da asteburu honetan.
Ekimenak estilo, formatu eta geografien arteko mugak hausten dituen artista sorta paregabea bilduko ditu. Ale Hop (Alejandra Cárdenas), Estanis Comella, Loula Yorke, Exotic Sin (Kenichi Iwasa + Naima Nefertari), Verde Prato + Bronquio, Fernando Carvalho, Garazi Navas edo Ryosuke Kiyasu artistez gain, azken hamarkadetan soinu arteari Euskal Herrian egin zaion lekua eta bilakaera aztergai izango duen topaketa bat egingo da. Gainera, Miguel A. Garcia artistaren soinuei lekua egingo zaie aurtengo edizioan.
Antolatzaileen esanetan, “hiru egunetan zehar, geografia ezberdinak gurutzatzen dituzten artistez gozatzeko aukera izango du entzuleak aurtengo jaialdian, estilo eta jarrera anitzen gurutze-bidean. Musikaren industriaren ibilbideetatik urrun, proposamen horietako asko denboran bidaiatzeko edo inguratzen gaituen espazioaren materialitate aldakorra sentitzeko gonbidapen gisa ulertu daitezke. Kontua ez baita musika taularatzea soilik, beste mundu batzuetara joatea ahalbidetuko diguten ateak zabaltzea baizik.”
Sarrerak eta jaialdiri buruzko datu gehiago: Tabakalera.



