ESZENA

Leioako Kaleko Artisten XII. Azoka prest

Gaur goizean, Umore Azokaren aurkezpen prentsaurrekoa burutu dute Bilboko Foru Liburutegiko prentsa aretoan. Bertan, maiatzaren 12tik 15era bitartean gauzatuko den XII. Umore Azokaren berri eman dute Eneko Arruebarrena Leioako alkateak eta herri horretako Kultura zuzendariak esanez, “arte eszenikoen jendearen hitzordurik inportanteena dela Umore azoka”. “Gure Azoka honek kaleak, plazak eta espazio publikoak aldarrikatzen ditu astialdirako gunetzat, eta bide batez, publikoari irribarre bat eta gozamena eskaintzeko”, gaineratu du bertako alkateak.

Aurten, 400 proposamenetik gora jaso ditu Azokak eta horietarik 46 talde aukeratu dira aurtengo ekimenerako. Horietatik,
12 euskaldunak dira, 21 Estatukoak eta 13 nazioartekoak. Talde horiek guztiek, 50 ikuskizun ezberdin egingo dituzte Azokak irauten duen lau egunetan, 150 ikuskizun eskainiz. Zenbakiekin jarraituz, aipatu behar da 19 estreinaldi absolutu egongo direla egun horietan, hots, hamar euskal taldeenak, zortzi Estatuko konpainienak eta bat nazioartekoa.

Honek guztiak diziplina honetako profesional zein zaleentzat hitzordu ezinbesteko bilakatzen du Azoka. Izan ere, egun hauetan kaleko arteekin gozatzeko abagune ederra egongo da zirkoa, dantza garaikidea eta tradizionala, malabareak, clown, ikuskizunak, antzerkia, txotxongiloak, eta bestelako proposamen umoretsuekin.

Ekimen paralelo eta osagarriak ere uztartuko dira Azokaren barruan. Hala, La Codorniz 70 urte izeneko erakusketa ikusi ahalko da egun hauetan. Bestetik, Kale-Arteen Topaketa ere egingo da 13an eta 14an hainbat adituren presentziarekin. Umore Azoka sariak ere eman egingo dira eta Argazki Maratoia ere antolatu da.

Umore Azoka, Kaleko Artisten Leioako Azokak maiatzaren 12, 13, 14 eta 15ean egingo da. Hitzordu ekidiezina duzue.
Zein talde, non eta ikusgarriaren izena eta ordua jakiteko Umore Azokak duen webgunean begiratzea duzue onena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button