LITERATURA

“Erlea” aldizkariak erle berriak dakartza

Gaur, martxoaren 26an, Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu da Bilbon, Akademiaren egoitzan.

Andres Urrutia Euskaltzainburuak hartu du hitza Erlea aldizkariari lehen laudorioak  botatzeko, “alea oso osatua dator, eta egia esan maila gero eta altuago jartzen ari zarete”.

Ondoren, Bernardo Atxagak jorratu ditu aldizkari honen zortzigarren zenbakian parte hartu dutenen lanak, baina hori egin aurretik, ekimenak duen helburuaz mintzo da: “Erlea aldizkariaren egitasmoa XXI. mendeko literatura zertan den erakustea da, euskal literaturaren lagin bat plazaratzea. Gure ondorengoak harro senti daitezen egin dugun lanaz. Izan ere, 70 idazlek plazaratu dituzte hemen beren lanak, eta ia 1.300 orrialde bete ditugu”

Ale berri honetan “betiko mamiak daudela” azpimarratu du zuzendariak. Alde batetik iparraldeko egileek idatzi dute, eta bertan naziek utzi zuten arrastoa hartu dute hizpide. “Honek sakontasun handia eman dio aleari”, esan du Atxagak.

Poesia eta fikzioak leku zehatza izaten dute beti aldizkariaren barruan, eta kasu honetan “oso testu onak atera dira”, tartean, inoiz argitaratu ez duen idazle baten lan batekin, kasu honetan Amaia Oleaga.

Poesian Leopoldo Maria Panerori egindako erreferentziak hartzen du garrantzia, In Memorian saialean. Bestetik, Iñigo Astiz poeta gaztearen poema luze eta sakon bat, eta horren gaineko azalpen hunkigarriak ere agertzen dira.

Bernardo Atxagak nabarmendu nahi izan du bereziki ipuin bat: Julian Zabalbeaskoak idatzirikoa. Egile hau Bostonen jaio zen eta Kalifornian bizi da egun, eta ingelesez idazten du. Berak igorri zuen ipuina eta Asun Garikanok itzuli du, “oso ipuin ederra da”. Atxagak anekdota moduan esan du, ipuin horrek AEBetako sari handi bat irabazi duela orain dela gutxi, “begi ona dugun seinale”.

Kepa Altonagak, Eneko Bidegain, Joxemari Iturralde, Jabier Kaltzakorta edota Aritz Galarraga dira, beste askoren artean, parte hartu duten idazleetako batzuk.

Irudien tratamendua eta azal koloretsuaren sorkuntza Xabier Idoatearenak dira, “Nafarroan oso artista onak ditugu” esan du Atxagak.

Erlea azken alea plazaratu berria den arren, azaroan Frontoiak eta Astronautak izenekoaren hazia ereinda dago. Erleak laster etorriko dira berriz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button