MUSIKA

Mursego, Han eta “Vinyland” filma, Arrasateko “Kooltur Ostegunak” zikloan

Mursegok Arrasateko gaztetxean egin ohi den Kooltur ostegunak programaren baitan joko du gaur, 22:00etatik aurrera. Maite Arroitajauregi musikaria Hiru diskoa aurkezten ari da.

Abenduaren 10ean, halaber, Han taldeak joko du. Elorrioko HAN bandak lehendabiziko disko homonimoa plazaratu du oraintsu, LP eta CD formatuetan, Tolosako Bonberenea Ekintzak plataformaren bitartez. Diskoak AEBetako indie-rock-aren ondaretik edaten duten bederatzi doinu biltzen ditu.

Diskoaren lehenengo entzunaldian, 80ko urteetako Hüsker Dü banda estatubatuarraren trazak nabaritu ditugu lehenengo kantuetan, batez ere Igeri egiten doinuan, edo Pixies-ena Mugitzen doinuan. Gitarra zikinak bezain melodikoak dira, Nerea kantariaren ahotsarekin egoki nahasten direnak, oinarri erritmikoak sendotasuna transmititzen duen bitartean.Taldekideen artean ibilbide luzeko musikariak daude, eta eskarmentu hori nabarmena da abestietan. Hala, taldekideen artean Ama Say eta Yakuzin aritutako Gorka dago, bai eta Lisaboren teknikari izandako Karlos.

Azkenik, abenduaren 17an, Irungo Bloody Mary disko-dendak ekoitzirako Vinyland filma proiektatuko da, eta Last Fair Deal taldeak joko du. Pelikulak binilozko diskoen mundua jorratzen du; disko bildumazale baten gorabeherak kontatzen ditu, hain zuzen. Pelikula, gainera, musikaz josia dator, eta Marcos Garcia zinegileak eta Mikel Insausti kazetariak zuzendu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button