MUSIKA

The Wizards eta Arenna, Gasteizko “Cosmic Fest Party” jaialdian

Larunbatean, gitarra pisutsuak eta atmosfera lisergikoak haizatuko dira Gasteizko Helldorado aretoan egingo den Cosmic Fest Party festan, 22:00etatik aurrera. Ekitaldian Bilboko The Wizards (hard rock) eta Gasteizko Arenna (psikodelia) taldeek joko dute.

The Wizards hard-rock boskote bilbotarrak Full Moon in Scorpio izenburuko disko berria aurkeztuko du Gasteizen. Taldearen bigarren lana da Full Moon in Scorpio, eta bertan, Deep Purple, Dio, Pentagram, Black Sabbath edo Blue Öyster Cult hard-rock dinosauroen ondare klasikoa eguneratu du.

Taldekideak makina bat proiektutan aritutako musikariak dira, Chivo, The Sulfators, Napalm edo Belushi, besteak beste. Banda horietan, gainera, askotariko estiloak jo dituzte, tartean, hardcore, punk rock, stoner edo rock´n´roll. Hori dela eta, The Wizardsen proposamenak hainbat iturritik edaten du, 1970eko hamarkadako rock gogorra nagusitzen den arren. Halere, orainean erabat iltzatuta dagoen taldea da; boskoteak gustuko dituen talde garaikideen artean hauexek daude: Graveyard, Horisont, Gentlemans Pistols, Ghost edo Kadavar.

Diskoa Mungiako Gaua estudioetan grabatu zuten 2016ko udaberrian, eskarmentu handiko ekoizle Dean Rispler estatubatuarraren zuzendaritzapean, zeinak, besteak beste, Murphy’s Law edo The Voluptuous Horror of Karen Black taldeekin egin duen lan. Hamar egunetako ahalegina izan zen, eta ekoizlearen ekarpena “handia eta ezinbestekoa”. Masterizazioa, berriz, Jesse Cannon teknikariak egin zuen AEBetan. Horrekin guztiarekin, diskoan zuzeneko soinua islatzea lortu du banda bilbotarrak.

Arenna, berriz, Gasteizko rock banda psikodelikoa da, eta 2015ean Given to Emptiness izenburuko bigarren lana kaleratu zuen, estreinako diskoa agertu eta lau urtera. Arabarrak maisuak dira stoner erritmo pisutsuak eta giro psikodelikoak uztartzen. Black Sabbath, Hawkwind, Motorpsych, Pink Floyd edo Kyuss banden ondarea buruz ikasi dute, eta lan horretatik ateratako emaitza ikusgarria da: garapen luzeko pieza atmosferiko bezain pisutsuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button