ARTEA

“948 Merkatua” Nafarroako arteen merkatua aurkeztu da

Atzo, 948 Merkatua” Nafarroako arteen merkatua aurkeztu zen Iruñean. Kultura-sektorearen feria berria  da 948 Merkatua, zeinak 400 artista eta profesional baino gehiago bilduko dituen. Horretaz gainera, askotariko arte diziplinen 70 emanaldi baino gehiago jasoko ditu. Ekimena Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak ondu du.

Antolatzaileen arabera, jaialdiak diziplina artistiko anitz bilduko ditu: “zinema eta telebista; arte eszenikoak; arte plastikoak; musikak; liburu, disko eta beste euskarrien argitalpena; eta sormenaren eta kulturaren industria berriak (moda eta diseinu digitala, arkitektura, injinerutza edota lanbide berriak). Eta horixe da, hain zuzen ere, egitasmo honen nobedade nagusia. Azoka eredu berri bat da, lan-eremu berean diziplinen arteko elkarrizketa ahalbidetuko duena, guztiz ezohikoa dena”.

Horrekin batera, Nafarroako kulturaren eta sormenaren industrien proposamenen on line katalogo bat aurkeztuko da jaialdian. “Gidaliburu hau urtero berrituko da eta zenbait azoketan Nafarroako sektore kulturala aurkezteko erabiliko da”.

Egitarauaren harira, goizetan, Baluarte Pro aretoan egingo da, eta arratsaldetan, berriz, proposamen artistikoen showcase-ak edo emanaldiak Iruñeko hainbat egoitza eta ekipamendutan egingo dira, hala publikoak nola pribatuak. Hala, ekitaldi hauek garatuko dira feriaren baitan: hainbat adituren 48 aurkezpen, Wikizona, lau trebakuntza-laborategi, Networking eremuak, hitzaldi azkarrak egiteko; Artisten Pitching eremua, artistek haien proiektuak aurkez ditzaten, 20 stand…

Informazio guztia: 948merkatua.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button