
MobyDick ezizenaren atzean Eneko Burzako musikari bizkaitarra dago. Makina bat kontzertu egin ondoren, songwriter-ak Cotard Delusion izeneko lana plazaratuko du crowdfunding metodoa dela medio. Hala, 160tik gora lagunek 2.300 euro inguru eman dituzte. Diru hori esker, disko horren 1.000 Cd argitaratuko ditu bizkaitarrak.
Diskoak folk eta rock estiloetatik edaten duten bederatzi kantu jasoko ditu, Mark Laneganen zertzeladak antzematen dira beherago jarritako bideoan, eta Madrileko Audiomatic-Drax estudioetan grabatu da Michel Martin teknikariaren ardurapean.
Balea literarioaren goitizena duen musikariak Claudio Pavan (The Great Barrier, Señores), David Lamiquiz (Whitewood, Yo Naufrago), Josu Cobelo (Scum to the Leader) eta Alvaro Barriuso (The Great Barrier) musikariak izan ditu aldamenean, baita zenbait gonbidatu ere: Nacho Mastretta, Ainara Legardon, Jabi Elorriaga eta Jose Angel Burzako instrumentistak.
Kantuok, gehienbat akustikoak dira, biluziak, non gitarra akustikoa eta ahotsak nagusitzen diren. Alabaina, formatu akustikoan aritu den taldeak ere pisu handia izan du grabazioan.
Bidasoa Burning Kontzertuak / Round 1
MobyDicken kantu berriak entzuteko aukera izango da ostiralean, otsailak 22, Bidasoa Burning kontzertu sortaren lehenengo emanaldi akustikoan. Kantautore bizkaitarra ez ezik, Napoka Iria eta Joseba.B. Lenoir ere izango dira Iruneko Tunk aretoan. Kontzertua 22:00etan hasiko da.
Napoka Iria, Miren Narbaiza eta Ander Mujika dira, Eibar eta Elgoibar herritik datorren bikotea. Orain arte Lehertarazi edifizioak (Bonberenea Ekintzak) lana grabatu dute.
Joseba.B. Lenoir, berriz, hainbat taldetan aritzen den musikari ipurterrea da, tartean, Sumisión City Blues eta Sexty Sexers. Bakarka doinu instrumentalak jorratzen ditu. Martxoan horietako batzuk bilduko ditu Instroak Vol.2 izenburuko lanean.