MUSIKA

“Hiri Asko Bere Baitan” emanaldia, Bilbon

Etzi, apirilaren 16an, 20:00etatik aurrera, Bilborock aretoan, Hiri Asko Bere Baitan proiektuko kideek zuzeneko emanaldia eskainiko dute.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako Ideiak Martxan lehiaketan, saridun suertatu zen proiektuetariko bat Hiri asko bere baitan izeneko egitasmoa izan zen. Sorkuntza, Bilbo eta euskara ardatz hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahasten ditu ekimen honek.

“Hiri honek hiri asko ditu bere baitan ezkutuan, seguruenik ez zaizkigu begi-bistakoak irudituko, sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude” hitzek ematen diote hasiera argazkigintza, literatura eta musika uztartzen duen ikus-entzunezko emanaldi honi.

Ikuskizunaren oinarria, Aitor Gómez, Asier Olabarrieta eta Unai Villenak Bilboko barrutietan barrena 2014an egindako sorkuntza prozesuak emandako argazki-testu-musika obra dira. Obra hauek aurretik www.hiriaskoberebaitan.com blogean, argazki-erakusketa batean (orain Euskararen Etxean ikusgai dagoena), eta diska-liburuxka formatuan eman dituzte ezagutzera.

“Ikus-entzunezko emanaldiak zuzeneko musika, bakarrizketa, errezitaldi, bideo eta argazki proiekzioak nahasten ditu, eta unibertso bisual, literario eta soinudun berezian barrena bidaiatzeko aukera eskainiko dio publikoari”, adierazi dute kideek.

Ikuskizunean ondorengoek parte hartuko dute: Kepa Errasti (antzezlea eta ahotsa), Asier Olabarrieta (gitarra eta ahotsak), Aitzol Mujika (baxua eta ahotsak) eta Andoni Alonso (bateria). Ikuskizunaren ostean, ostegun gaua girotzen jarraitzeko, KAZAM! talde bilbotarra izango da taula gainean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button