
Bilboko Pabiloi 6 aretoak Gabonetako egitaraua iragarri du. Hala, hilaren 22tik aurrera Laboratorio teatral Pabellón 6 taldearen Esencia patria eta El Gato Negro Teatro konpainiaren El Cabaré de Caricia y Puntapié antzezlanak ikusi ahalko dira.
Lehenengo obrak arrakasta handia izan zuen iragan Aste Nagusian estreinatu zenean. Hala, Tomas Afanek idatzi eta Ramon Bareak zuzendu duen Esencia patria berriro ikusi ahalko da Gabonetan, hain zuzen, abenduaren 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira. Antzezlana komedia surrealista bat da.
Abenduaren 22an, gainera, Jon Zabalak magia ikuskizuna egingo du 22:00etan, eta 23an, berriz, Ione Irazabal eta Fermina Saltarina ipuin kontalariek Andersen maleta izeneko saioa kontatuko dute 6tik 9 urte bitarteko neskato-mutikoentzat.
Azkenik, abenduaren 28, 29 eta 30ean, El Gato Negro Teatro konpainiaren El Cabaré de Caricia y Puntapié obra taularatuko du, 20:00etan. Boris Vian idazle eta musikariaren kantuetan barrena bidaiatzen duen obra da, alegia, 40ko urteetako Pariseko giro bohemioa du ardatz. 2010ean, Max Saria jaso zuen Antzerki Musikaleko obra onenagatik.



