MUSIKA

Gaur, “BBK Sala Etxean” ekimenean: Eñaut Elorrieta

Lehen mailako euskal artistak eta taldeak on line ikusteko aukera eskaintzen du BBK entitateak BBK Sala Etxean izenburupean. Ekimenaren helburua da konfinamendua arintzea eta euskal kulturaren sektoreari laguntzea.

Modu birtualean bada ere, kalitatezko programazioa eskainiko da hil honetan hasita.  Eta gaur berton, hilak 24, BBK Sala Etxean saioan Eñaut Elorrietaren kontzertuaz gozatzeko abagunea egongo da.
Kantariak Irteera argiak lan berriko kantuak haizatuko ditu. Ken Zazpi taldearekin emandako urteak eta lanaren eboluziotik, Deserriko Kantak  (2013) diskoaren eta Harian (2018) zuzeneko proiektuaren ondoren dator bere bakarkako bigarren diskoa, azken urteotan garatutako ibilbidearen ondorio zuzena ez ezik, orain arte egin duen diskorik pertsonalena.

Bederatzi kantuz osatzen den diskoan, Deserriko Kantak diskoko gai eta kontzeptu  politikoetatik aldentzen da eta  gai sakonagoak jorratu ditu oraingoan. Hala, bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz, gurasotasunaz… hitz egiten digu abeslariak disko berrian. Elorrietak berak konposaturiko letrez ez ezik, zenbait idazleren testuei musika jarriz ere sortu ditu kantak, Uxue Alberdi, Joseba Sarrionaindia eta Jose Luis Otamendi, besteak beste.

Aukera ezin hobeagoa du publikoak lan berri honen eta kantariaren eskutik abesti berrion zapore gozoa bezain sentikorra eskuzabalki jasotzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button