Rober! taldeko buruak azaldu du bizirik dirauen taldea dela, eta oraingoan kantuak estutu egin dituztela, soberan zegoena kendu, horrela zuzenean jotzen dutena jasotzeko asmoz. "Ez dut aldaketa handirik ikusten, aldaketa asmoan dago, lan zuzenagoa eta gordinagoa da". "Freskotasuna bilatu dugu, bere akatsekin, eta zuzeneko espirituarekin; lokalekoa soinua estudiora eraman dugu, artifiziorik gabe", gaineratu Irazokik.
Aldaketarik nabarmena gitarretan egon daiteke. Izan ere, Rober! eta Irazokiren gitarren artean konexio ona gertatu da eta konponketak, alegia, gitarren arteko ñabardurak klasikoagoak dira. "nik nahi nuen erara jotzeko askatasuna izan dut, eta agian blues kutsu handiagoa hartu dute gitarrek", azaldu du Beratarrak. "Aldakuntzak badira, baina Atom Rhumba izaten jarraitzen du", nabarmendu du abeslari eta gitarra jotzaile barakaldarrak.
Diskoa Kaki Arkarazok grabatu, nahastu, masterizatu eta ekoitzi zuen aurtengo udan; ekoizpenean Rober! berak ere parte hartu du. Dozena bat kantu biltzen ditu eta Iñigo bere hiru kutunak zeintzuk diren esaten ausartu da: "Lehena, The Secret Tongue Dance Society, Rober!-en semeak abesten duelako; Istingako Mutikoa, euskaraz grabatzen dugun lehendabizikoa baita; eta Beltran Blues, gure bateria jotzaileak gehien gorrotatzen duena delako". Euskaraz abesturiko kantuen harira, Atom Rhumbak Lizardi kantuaren bertsioa bildu du Bidehuts kolektiboak laster argitaratu duen Mikel Laboaren bertsioekin eginiko Txinaurriak diskoan. "Inprobisazioan oinarritzen da, ez dugu askorik landu, freskoa da", esan du Irazoki. "Lau ordutan garabatu genuen", nabarmendu du Rober!-ek. Oraindik euskaraz abestea zaila egiten zaiola azaldu du taldearen liderrak.
Diskoan ohiko Atom Rhumba entzun daiteke. Blues hezea, funk erritmo lizun, baina zoliak, Australiako rock zingiratsua , eta saxo hots likitsak. "Gurea rock'n'rolla da, dena dago asmatuta, kantuetan aldaketak sartzen dituzu ezustea lortzeko, baina hori betidanik egin da. Diskoak eta kantuak egitea atsegin dugu, eta egun diskoak ez dira saltzen, baina egoera hori onuragarria ere izan daiteke nahi duzuna egin dezakezulako, eta guk horrela egiten dugu, ez gara honekin aberastuko", azaldu du Rober!-ek irmo. It' only rock and roll, but I like it, erantzungo lukete Rolling Stones zaharrek.
Nontzeberri