
AEBetako Chicago hiriko J.R. Robinson musikari estatubatuar ipurterrearen proiektu pertsonalena da Wrekmeister Harmonies, zeinak ostiralean, Bermeoko Kafe Antzokian joko duen, 21:30etik aurrera. Robinsonekin batera, talde handi bat izango da, hainbat musikarirekin osatua, tartean, Godspeed You! Black Emperor bandan aritutako hiru kide.
Robinsonek metal eta ambient estiloen elementuak eta mantra errepikakorrak uztartzen ditu Wrekmeister Harmonies egitasmoan. Tarteka, gainera, doinu intimo eta ilunak ere jorratzen ditu, Nick Caveren erara.
Taldeak hainbat lan argitaratu ditu; azkena, Light Falls (Thrill Jockey), aurten plazaratutakoa. Diskoaren azala Rudimentary Peni punk talde ingeles mitikoaren buru Nick Blinko-k egindu; Blinkoren lana oso preziatua da artearen munduan.
Robinsonek berak (ahotsa eta gitarra) eta Esther Shaw-k (teklatuak, pianoa, violina eta ahotsa) osatzen dute taldearen muina. Horiei, Godspeed You! Black Emperor taldean aritutako hiru musikari gehitu zaie: Thierry Amar (baxua egta kontrabaxua), Sophie Trudeau (pianoa, biolina eta ahotsa) eta Timothy Herzog (bateria). Diskoaren grabazioan, halaber, beste bi musikarik parte hartu dute: Ryley Walker eta Cooper Crain (Cave eta Bitchin Bajas).
Amaitzeko, Robinson munduko underground eszenako makina bat musikarirekin aritu da elkarlanean; tartean, Alexander Hacke, Einstürzende Neubauten; David Yow, The Jesus Lizard eta Chris Brokaw, Codeine.