
Joan den larunbatean izan zen Hiriko Soinuak lehiaketaren final handia Barakaldo Antzokian eta 200 lagun ingururen aurrean. Guztira sei talde izan ziren taula gainean: El viejo Chimango, RO eta Unai, kategoria nagusiko finalistak; eta Arde Marte, Debajo del Paraguas eta Sandra Cris, Barakaldoko artistarik onenari sariko finalistak. Kontzertuak bukatzean, eta epai mahaia bildu ostean, kategoria horietako irabazleak jakinarazi ziren. Baita Berdintasun eta Euskara sariak ere.
Talde guztiak oholtza gainean aritu ostean honako irabazleak izendatu ziren: RO taldea (sari nagusia), Debajo del paraguas (Barakaldoko artistarik onena), Cenizafragua (Berdintasun saria) eta Pikowsky (artistarik onena euskaraz). Horiek izan dira Hiriko Soinuak lehiaketaren hirugarren edizioko irabazleak.
RO, Azkoitiatik eta Azpeitiatik datorren post rock instrumental taldea da; Debajo del Paraguas, jada single batzuk kalean dituen Barakaldoko pop-rock laukotea; Cenizafragua Martaren proiektu pertsonala da, hainbat taldetan abeslari moduan eskarmentu handiko emakumea; eta Pikowsky Ander Pikowskyren bakarkako abentura da, Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeko abeslari eta baxu jolea bera.
Hortaz, RO eta Debajo del Paraguasek El Drogasekin batera joko dute Hiriko Soinuak festibalean, urriaren 30ean, Bizkaia Arenan. Ekitaldiak 4.000 lagun baino gehiagorentzako edukiera izango du eta sarrerak salgai dituzue jadanik.