MUSIKA

Mendia eta musika, bihar abiatuko den “Urmuga” ekimenarekin

Urmugak musika, natura eta gizakia lotuko ditu mendi ibilaldi musikatu baten bidez, uztailaren 13tik 31era bitartean.

Hainbat egunez, Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiaraino, gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika entzun ahalko da pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jartzeko. 19 egunetan ertz luzearen zeharkaldia egingo da oinez, espedizioan mendizaleak eta musikariak bat eginik, horixe bilatzen baitu Urmugak.

Jaialdiaren hemeretzi egunetan zehar, formatu handiko bost kontzertu eta formatu txikiko beste bost burutuko dituzte Urmuga mendi-ibilaldia jarraituz.

“Astebete eskas falta da Urmuga hasteko, Angulo mendatean oinetakoak lotu, instrumentuak afinatu eta abentura hasteko. Bertan hasiera ekitaldi txiki bat egingo dugu. Musikaz inguraturik ekingo diogu Euskal Herritarrek, euskaraz, doinuak eta mendiak deskubritzeko bideari. Ametsetako bidaiarekin bat egiteko gonbita”.

Urmugaren lehen kontzertua bihar bertan izango da, Mixel Etxekopar, Noemi Viana dantzaria, François Rossé eta Donostiako Orfeoiaren partaidetzarekin. Tologorrin izango da ekitaldi hori.

Aste honetako kontzertuak honakoak dituzue: uztailaren 15ean, Olatz Salvador, Dupla, Niko Etxart, Maddi Oihenart eta Et incarnatus orkestra izango dira Abadiñon. Hurrengo egunean, hilak 16, Maider Zabalegi, Ekiza, Nogen, Juantxo Arakama, Leturiarrak eta Et Incarnatus orkestra arituko dira Diman. Uztailaren 17an, Aramaioraino helduko da espedizioa, eta bertan, Eñaut Zubizarreta, Julio Soto eta Aramaioko Abesbatza elkartuko dira.
Azkenik, igandean, uztailak 18, Alos Quartet arituko da Urbian, eta Maider Zabalegi, Alex Sardui, Petti eta Ekiza, Oñatin bilduko dira.

Aipatutakoen ostean etorriko direnak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button