IKUS-ENTZUN

Mendi Film Festival Jaialdiaren VII. edizioko irudia

 

Gaur goizean, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren antolatzaileek, aurtengo edizioa iragarriko eta lau haizetara zabalduko duen kartelaren irudia zein den adierazi dute. Sekretua argitan gelditu da: Suitzako Alpeetako Eiger mendiaren (3.970 m) ipar aurpegian zintzilik dagoen Clint Eastwood aktore eta zuzendari entzutetsuaren argazki historiko bat da. Jaialdia Bizkaiko hiriburuan izango da, abenduaren 12tik 21era.

Kartela zuri-beltzean dator eta The Eiger sanction pelikularen irudia dakar gogora (Gaztelaniazko bertsioan Licencia para matar). Izan ere, aurten filmaren 40. urteurrena beteko baita. Aurreko mendeko 1970eko hamarkadako akziozko film klasiko bat da, baina zinezaleentzat eta mendizaleentzat balio handikoa.

The Eiger sanction filmeko irudiak benetan ikusgarriak dira, bai Suitzako Alpeetan filmatutakoak, bai Monument Valleyn filmatutako igoera eta eszenetan hartutakoak.
“Kontuan hartu behar da, Eastwoodek ez zuela ordezkorik erabili sekuentzia arriskutsuenetan eta hilabeteak egin zituela eskalatzen, arte irakasle eta eliteko alpinista baten larruan sartzeko eta papera prestatzeko. Filmeko protagonistak, izan ere, ezkutuko bizitza egiten du: agente sekretua da, batetik, eta soldatapeko hiltzailea, bestetik”. 

Jaialdiaren zazpigarren edizioak entzute eta itzal handiko hainbat zinemagile, kirolari, komunikatzaile eta naturaren maitale bilduko ditu aurtengoan ere Bizkaiko hiriburuan, abenduaren 12tik 21era. Ekitaldiak zinemarekiko zaletasuna, mendiko kirolekiko maitasuna eta ingurumen-balioen aldeko aldarria uztartuko ditu, beste behin.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button