
“Jaialdi beasaindarrarekin harremanetan dagoen guztia bezalaxe, erakusketa honen izpiritua herrikoia eta postmodernoa izan behar da, nahiz eta guk ere oso garbi ez dugun oraindik zer demontre den Rural Postmodern hori”, irakur daiteke ekimenaren webgunearen hasierako lerroetan.
Baina jakin badakigu, JazpanArt bilketa artistiko bat izango dela eta honen emaitza urriaren 21tik 26ra bitartean izango dela ikusgai Beasaingo Igartzako Jauregian.
Beraz, zuen lanak bidali ahal dituzue, izan ere, nahi duen edonork parte hartu ahal izango du, bai era bakarrean bai kolektibo moduan. Parte-hartzaile bakoitzak bi lan besterik ezingo ditu aurkeztu. Performance, instalazio, land art, bideo-arte, moda, margo, argazkilaritza, eskultura, marrazketa eta abar ongi etorriak izango dira.
Urriaren 2ra arte bidali ahal izango dira lanok, eta egun hori baino beranduago jasotako guztia lehiaketatik kanpo geratuko da.
Lanaren ikus-entzunezko erregistro bat bidali beharko da (argazkizkoa lan estatiko bat bada) ekintzak@jazpana.com helbide elektronikora. Honetaz gain, lanaren deskribapen bat bidali beharko da PDF formatuan (diskurtsoa, neurriak, iraupena, behar teknikoak…).
Parte-hartzailearen datu pertsonalak ere beharrezkoak izango dira: izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa.
Beste aldetik, Jazpana jaialdirako taldeak konfirmatzen hasi dira, eta hala, Belako, Sumision City Blues, No More Lies, Estereotypo, Bigott, …eta besteren batek euren baiezkoa eman dute.
Informazio gehiago www.jazpana.com helbidean duzue.