ESZENA

Maurizia pandero-jolearen omenez

Aukeran taldeak Maurizia naz lana egingo du irailaren 27an, Villabonako Erreboteko plazan, 13:00etatik aurrera. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jolearen omenez sortu dute lan hori.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bitartez antolatzen duen XVI. Dantza Zirkuituaren barruan iritsiko da Maurizia naz koreografia Villabonara.
Maurizia Aldeiturriaga lehen emakume pandero-jolea , plazarik plaza panderoa hartu eta bere ahots eta izaera boteretsua lau haizeetara zabaldu zuen emakume sendoa izan zen. Emakume eredugarri hau abiapuntu hartuta bere baitan dituen alderdi ezberdinak taularatzen dira: alde indartsua, ahula, aurpegirik gogorrena eta xamurrena, alderik argiena eta ilunena, irudi astun eta primarioa edo arin eta sofistikatua. Beti ere panderoa ardatz harturik , emakume honen eta guztien ahotsa islatzen duen kale ikuskizuna.

Dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko hibridazioa bilatzen duen Aukeran taldea Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez sortu zen. Ordudanik ibilbide luze eta emankorra izan du, eta hainbat ikuskizun ederren jabe da taldea.

Obra iksugarri horretan parte hartuko duten dantzariak Ane Anza, Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button