IKUS-ENTZUN

Labo 2014 eta Kimuak 2013, Donostian

Otsailaren 17tik 21ra bitartean Donostiako Antzoki Zaharra, bertako eta nazioarteko film-laburren agertokia izango da. Izan ere, zazpigarren urtez, Tabakalerak eta Donostia Kulturak, Clermont-Ferrandeko Film laburren Zinemalditik (LABO) hautatutako film laburrak ikusteko parada eskainiko dute. Gainera, Labo-ren zikloaren aurreko egunean, Kimuak-en iazko aukeraketa bat proiektatuko da. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira eta jatorrizko bertsioan eskainiko dira, azpitituluekin. Astelehen, astearte eta ostegunean gaztelaniaz; asteazken eta ostiralean, euskaraz.

Otsailaren 17an hasiko da zikloa, eta Kimuak-eko sorta osatu zuten zazpi film laburrak proiektatuko dira. Raul de la Fuente iruindarraren Mineritak zabalduko du ekimena. (Hemen duzue Nontzeberrik egin zion elkarrizketa)

Bestalde, Clermont-Ferrand festibalean Labo sail esperimentalean hautatutako lanak, 29 guztira, lau saiotan proiektatuko dira, asteartetik ostiralera. Labo saila osatzen duten filmen ezaugarri nagusia, lanok duten izaera esperimental eta arau urratzailea da.
Aurten 36. edizioa izan da eta urtarrilaren 31tik otsailaren 8a bitartean burutu da. Noah, sari nagusia irabazi duen lana, Antzoki Zaharrean proiektatuko da, ostegunean, otsailak 20. Egun berean epaimahairen sari berezia jaso duen lana ere ikusi ahal izango da: Montaña en sombra, Lois Patiño galiziarrarena.

Aurten Tabakalerak, Laboko proiekzioen zikloarekin batera lantegi esperimental bat burutuko du Jorge Nuñez eta Carlo Padial-ekin. Eta astelehenetik ostiralera, Antoni Pinent zine zuzendariak mintegi teoriko-praktiko bat zuzenduko du: Argia zizelkatzea, kamerarik gabeko zinemara hurbilpena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button