BESTELAKOAK

“Pop Pilulak” fantzinearen udaberriko alearen edukiak

Pop Pilulak pop kulturari buruzko euskarazko fantzinea da.  Urtean bi ale kaleratzen dituzte, eta hil honetan, udaberriari dagokiona plazaratuko dute; alegia, orain arte argitaratutako seigarrena. Fantzinearen arduradunek iragarri dutenez, udaberriko alea Lander Telletxea diseinatzailearen azalarekin etorriko da jantzita.  “Aurrekoekin alderatuta, oso azal ezberdina izango du”, azaldu dute.

Edukien harira, Iñigo Basaguren-Duartek erreferentzia magikoekin jositako artikulu-labirintoa egin du: KLF taldea, rave kultura, untxiak, Lewis Carroll, Alan Moore, Echo & The Bunnymen, erritualak…

Horrekin batera, Goizalde Landabasok emakumezko beat olerkarien biografia eta poemekin ondutako artikulu interesgarria idatzi du, Beat Belaunaldiko emakume ikusezinak titulupean:  Denise Levertov, Elise Cowen, Ruth Weiss, Hettie Jones…

Michiko Kambak, halaber, Elsa von Freytag-Loringhoven Dada Baronesa-ren bizitza eta obra jaso ditu bere testuan. “Duchampek eta Man Rayk New Yorken bizi zen Elsa von Freytag-Loringhoven emakumezko artista germaniarra miretsi zuten, biziki. Bere bizitza bere obra bilakatu zuen”.

Yurre Ugartek eta Iban Zalduak, bestalde, pop kutsuko bi narrazio bikain idatzi dituzte, Lady Amnesy eta Egun gris batean, hurrenez hurren.

Julen Azpitartek Paisley underground eszena musikalari buruzko lana egin du: Rain Parade, Dream Syndicate, The Bangles… Xabier Sagardiak, halaber, Weezer taldearekin izandako harremana islatu du bere testuan.

Antton Iturbek, berriz, Dan Fante idazle estatubatuarrari buruzko testua egin du, eta  Iñigo Bidetxeak, ostera, film surflariak aztertu ditu.  Azkenik, Eremuz Kanpo bikoteak dokumental musikalen inguruan ardaztutako sormen-testu iradokitzailea egin du: Nina Simone, Mekons, Cohen, Slint, Bill Callahan…

Fantzinea hil honetan iritsiko da ohiko saltokietara:  Bermeon, Luma Liburu-denda; Bilbon, Anti, Mongolia Gunea eta Muga Taberna; Donostian, Garoa Kultur Lab; Gasteizen, Zuloa Irudia; Irunen, Gun Club Estankoa; Iruñean, Katakrak; Soraluzen, Gaztelupe Taberna; Zarautzen, Garoa Liburu-Denda eta Ziburun, Maitenia. Etxean ere jaso daiteke: poppilulak@gmail.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button