ESZENA

Martxora bitartean makina bat ikuskizun, Leioan

Leioan, martxora bitartean, musika, antzerki eta dantzaren inguruko ikuskizunak antolatu dituzte. Kalitatezko kultura-eskaintza zabal, askotariko eta irisgarriaren aldeko apustua egingo dute bertan.

Bertako udalak makina bat kontu bildu ditu urte hasiera honetako programazioan: 18 antzerki-ikuskizun, 41 zinema-saio, eta hiru erakusketa. Hitzordu batzuk aipatzearren, Zirkozaurre euskal konpainiaren zirku ikuskizuna, Pepe Viyuelaren antzerki klasikoa Guitón Onofre. El pícaro perdido antzezlana, Marcela, una canción de Cervantes lana,… Aipagarria ere bada Mikel Bizar musikariaren Laino eder hori ikuskizuna, non musika, literatura, dantza eta zinemaren bidez, Down sindromea, autismoaren espektroaren nahastea eta osasun mentala ikusarazten, eta kontzientziatzen, saiatzen den. Urtarrilaren 18an izango da hitzordu hori.

Programazioa urtarrilaren 3an hasiko da, Zirkozaurre euskal konpainiaren Harreman ikuskizunarekin. Bertan, zirkua, euskal musika tradizionala eta dantzak elkartzen dira. Urtarrilaren 10ean, Mierda De Ciudad ikuskizuna izango da. Olatz Gorrotxategik sortu eta zuzendu du, eta berak ere interpretatzen du, Aritza Rodriguez eta Marta Álvarez del Vallerekin batera. Piezak Euskal Rock Erradikalaren historiaz, 80ko eta 90eko hamarkadetan mugimendu hura sortu zeneko testuinguru guztiaz, eta Euskal Herrian borroka politiko eta sozial ugariak zeuden garaiaz hitz egiteko beta luzatuko du. “Pentsamenduaren etsipenari eta borroka kolektiboei buruzko istorioa da. Zaldia. Zaldi-talde bat, trostan urruntzen. Belaunaldi baten amaiera. Polizia asko, libertimendu gutxi. Porrota. Amerikako Estatu Batuetako erreserbak. Punkaren gotorlekuak. Biak erresistentzia bihurtuta. Zeruertza. Nire atzetik datorren jendea. Kolonizatzeko dagoen zelai zabal bat, nire atzean. Gaur. Da. Etorkizuna. La Polla Recordsek abesten zuen.”

Antzerkia ikusteko aukera ere urtarrilaren 24an egongo da, Txalo Producciones euskal konpainiaren Almacenados antzezlanarekin. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista, lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnartzen duen komedia zorrotz eta garratza da. Eta urtarrilaren 26an, Cancamisa Teatro konpainiarekin, Botila barneko aztia eta beste hainbat istorio ikuskizuna aurkeztuko da.  Eta hilabetea amaitzeko, hilak 31, Titziana Teatro euskal konpainiak Búho ikuskizuna proposatuko du.

Eta hurrengo hilabeteetan, La Rueda Teatro Social, Txalo Producciones, Rauxa Ciaren, Mar Mar Teatro, Markeliñe, Khea Ziater, edo La Dramática Errante taldeen ikuskizunak programatu dira.

Zinemari dagokionez, 41 zine saio egingo dira, eta urtarrilaren 7an hasiko dira. Haien artean, Mendi Film Festivalaren ziklo bereziaren barneko emanaldiak, bai eta Zine Forum Perseoko emanaldiak ere.

Hemen ikus dezakezue programazioa.

Show More

Related Articles

Back to top button