LITERATURA

“Martutene” lana irakurriko da Arriagan, aurtengo Klasikoen Irakurraldian

Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea antolatu ohi du. Aurtengo zita ekainaren 8an izango da, eta Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria irakurriko da, azken bi edizioarekin gertatu zen bezala formatu murriztuarekin, 08:00etatik 14:00etara, etenik gabe.

Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamabosgarren edizioan 200 lagun inguruk hartuko dute parte, eta horiez gain, institutuetako gazte ugarik bideoetan agertuko dira irakurraldia eginez, eta azkenik 50 Euskal Etxetako euskaldunek ere parte hartuko dute.

Ramon Saizarbitoriak berak emango dio ekimenari hasiera Arriaga Antzokian, eta obraren lehenengo lerroak irakurriko ditu goizeko 08:00etan. Betiko legez, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle eta irakasleez gain, euskal gizartearen arlo guztietako pertsonak hurbilduko dira Arriagara egokitu zaien pasartea irakurtzera.

Aurten makina bat ikaslek hartuko dute parte, izan ere, euskarri digitalean grabatu dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere munduan barreiaturik diren Euskal Etxetako euskaldunek zati bat irakurtzeko tartea ere izango dute. Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere.

Ohi den bezala, egun horietan ere, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai.

Eta diogun bezala aurtengo protagonista Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) da, Martutene obrarekin. Egunero hasten delako eleberriarekin abiarazi zuen bere ibilbide literarioa 1969. urtean, eta gero pisu handiko obrak kaleratu zituen, tartean, Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995), Gorde nazazu lurpean (2000) edo irakurriko den hori.

Euskadi Saria jaso zuen Martutene garai oso bati amaiera ematen dion eleberria da, baina garai hura eta gaurkoa hariltzeko bidea ere ematen du. Bi bikoteen harremanak kontatzen ditu, atzerritar neska gazte bat tarteko, eta Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago. Hainbat arlo jorratzen ditu Saizarbaitoriak eleberri honetan: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka besteak beste.

Bere figuraren inguruan Bilbo Zaharra Euskaltegiak hitzaldi sorta bat ere antolatu du datozen egunetan. Hala, ekainaren 6an, Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hartuko dute parte, eta ekainaren 7an Laura Mintegi eta Ur Apalategi arituko dira. Zita Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barrian) izango da, 19:00etan hasita.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button