MUSIKA

Markina-Xemeingo V. Jazz Jaialdia

Uztailaren 20, 21 eta 22an, Markina Xemeingo V. Jazz Jaialdia ospatuko da. Jaialdiaren bosgarren edizioan, hiru egunetan, lau talde arituko dira.

Parte hartuko duten taldeen kalitateaz gain, azpimarratu behar da A Contra Blues, Big Mama Montse eta Los Saxos del Averno taldeek aurtengo udan Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra Markina-Xemeingo jaialdikoa izango dela. Kontzertu guztiak Uhagon kulturguneko terrazan izango dira, 19:30ean hasita, eta doan izango dira.

Gaur izango da lehen kontzertua A Contra Blues boskote kataluniarrarekin. Europako rock-blues talde garrantzitsuenen artean bere lekua egin duen taldea da. Hainbat sari eskuratu ditu eta bere ibilbidean zazpi disko plazaratu ditu. Aurten taldearen 15. urteurrena ospatzeko biran dabiltza eta Markina-Xemeingoa izango da bira horren baitan Euskal Herrian uda honetan emango duten kontzertu bakarra.

Ostiralean, Irati Bilbao Quartet arituko da. Irati Bilbao abeslari bizkaitarraren lehen proiektu pertsonala duzue hau, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastetxean kide izandako lau musikarirekin batera sortutakoa. Jazzaren oinarri tradizionaletatik abiatuz proposamen garaikideetaraino hurbiltzen den proiektua da.

Hilaren 22an, Big Mama Montse & Captain’s Brotherhood taldearen txanda izango da. Montserrat Pratdesaba, estatu mailako blues eszenan erreferente nagusietako bat da. Musikaren munduan daramatzan 35 urteak ospatzeko kontzertu berezi batzuk antolatu ditu, batez ere abesti propioekin osatutako errepertorio batekin, eta Hernan Fridman eta Lorenzo Epinozzi (Captain’s Brotherhood) musikariekin lagunduta.

Horren ostean, Los Saxos del Averno izango da oholtza gainean. Seikote benetan berezi, indartsu eta alaia, kalitate handiko musikariz osatua (hiru saxo, teklatua, gitarra, baxua eta ahotsa). 60. hamarkadako rithm & blues erritmoak oinarrian hartuta euren doinuekin dantzarako giroa sortzen dute. Aurtengo jaialdiari amaiera emateko luxuzko kontzertua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button