MUSIKA

Markina-Xemeingo Jazz Jaialdia bihartik aurrera

Uztailaren 21, 22 eta 23an, Markina-Xemeingo Jazz Jaialdiaren IV. edizioa antolatu du Uhagon Kulturguneak, Markina-Xemeingo Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Jaialdiaren helburuak herritarrei eta ingurukoei kalitatezko musika emanaldiak eskaintzea, jazz musika hirietatik herrietara gerturatzea, eta herriz gaindiko zabalkundea duen jaialdia antolatzea.

Bihar (uztailak 21) abiatuko da ekimena, eta  18:00etan, adin guztietako herritarrei zuzendutako Lindy hop oinarrizko dantza tailerra eskainiko da. Ordubetean, oinarrizko pausuak ikasi eta ondorengo kalejiran parte hartzera gonbidatuko dituzte hala nahi duten herritarrak. Geroago, 19:00etan, Iruña Jazz Brass Band taldeak kalejira egingo du alde zaharreko kaleetan zehar. Hamar musikariko formazio hori kalez kale ibiliko da jazz jaialdiari hasiera emateko.

Uztailaren 22an, 19:00etan, Itziar Yague Quintet arituko da Uhagoneko terrazan. Bere musikak “naturaltasuna eta emozioa transmititzen ditu eta eszenatokian duen presentzia guztiz inponentea da. Ezinbesteko erreferentea iruditzen zaigu musikari eta emakume gisa.”

Uztailaren 23an, ordu berean, Travellin’ Brothers zortzikotea Uhagon kulturguneko terrazan izango da. Bilbon sortutako taldea da baina azken urteotan estatu mailako zein atzerriko oholtza garrantzitsuenetan izan dira, eta areto guztiak bete dituzte.

Informazio gehiago behar izanez gero, Uhagon kulturguneko web orrian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button