
Artedrama, Le Petit Thêatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak azken aldiz taularatuko dute euskarazko Hamlet, maiztaren 28an, Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), 20:30ean.
Hiru konpainiek jakinarazi dutenez, antzezlanarekin egindako ibilbidea “atsegina” izan da, eta “pozik” agertu dira egindako lanareki eta lortutako emaitzarekin. “Lehenengo burutazioak eta prestalanak askoz lehenagotik hasi bagenituen ere, estreinaldia Lapurdin eman genuen, Luhusoko Harri Xuri aretoan, 2013ko azaroaren 1ean. Geroztik 46 emanaldi eskaini ditugu, iazko azaroan zehar lehenik, eta aurtengo urtarril amaieratik hona gero; saio horietan, 9.000 ikusle inguru izan ditugu orotara”
Antzezlabaren harira, Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Xabier Mendigurenen obraren egokitzapenarekin abiatu dute lana, non gure garaiko Hamlet hau gauzatzeko Maika Etxekopar, Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Manex Fuchs, Ander Lipus, Urko Redondo eta Iñaki Ziarrusta aritutzen diren eszenatokian.
Fuchsen hitzetan, “Hamlet enigma bat da; mila idazki daude obra honi buruz eta mila teoria, baina guk gure garaietara ekarri dugu, eta galdera hau bota dugu: Hamlet, gaur egungo gaztea balitz zer kontatuko luke? Guretzat Hamlet gaur egungo euskalduna izango da. Hortaz, Hamlet, hemen eta orain”.