LITERATURA

Mariasun Landaren ipuinak aurtengo “Klasikoen Irakurraldia” ekimenean

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldia ekimena azaroaren 17an egingo da, Arriaga antzokian, baina osasun egoera dela eta, formatu txikiago batean bideratuko da, 08:00etatik 14:00etara. Normalean, ekainean egiten da ekitaldia, Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatuta eta ikasturteari amaiera emateko, baina COVID-19 pandemia dela eta, ekaineko ekimena bertan behera geratu zen. Orain egingo da, eta aurtengo protagonista Mariasun Landa idazlea izango da, eta bere Ipuin hautatuak irakurriko dira. Aurten, haur literaturaz denez umeen parte-hartzea ere bultzatuko da.

Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta oraingo honetan haur eta gazte literatura omendu nahi du Bilbo Zaharra euskaltegiak. Mariasun Landak berak irakurriko ditu lehenengo lerroak, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren beste 200 bat pertsona txandatuko dira mikrofono aurrean. Betiko legez, makina bat partaide izango du ekimenak, tarteka, mundu osoko 50 Euskal Etxeetako ikasleek hartuko dute parte grabatutako bideoen bidez, bai eta euskal gizartearen arlo guztietako pertsonak ere: politikoak, elizako eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak, kirolariak, kultur eta gizarte eragileak, eta abar.

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere.

Horretaz gain, egunotan, eta ohi den bezala, Klasikoen Irakurketarekin bat eginez, Bilbo Zaharra Euskaltegiak Txikitasunaren handitasuna izenburupeko Bilbo Zaharra Forum hitzaldi programa bat antolatu du hainbat aditurekin. Hala,  Euskaltzaindiako egoitzan 19:00etan, honako programa ondu da: Juan Cruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta (azaroak 11), Ibon Egaña eta Marijo Olaziregi (azaroak 12) eta Mariasun Landa bera (azaroak 16).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button