MUSIKA

Katamalo agertokira itzuliko da udazkenarekin batera

Katamalo taldea berriro ere oholtzan ikusteko aukera izango dute zaleek. Izan ere, azaroan bost kontzertu egingo dituzte: 6an Gasteizko Jimmy Jazzen, 10ean Bilboko Kafe Antzokian, 12an Hazparneko Ttattola gaztetxean eta 13an Donostiako Antzoki Zaharrean arituko dira. Nafarroan beste emanaldi bat egingo dute.

Berri Txarrakeko eta Katamaloko taldekide Gorka Urbizuk iragarri du berria AEBetatik. Berri Txarrak, hain zuzen ere, bertan da azaroan plazaratuko den zazpigarren lana grabatzen.
Antza denez, Topaguneak egindako proposamenari jarraiki osatu dute bira Katamaloko kideek.

Gorka Urbizuk, Nerea Urbizuk, Gotzon Barandiaranek, Alex Arregik, Aintzina Lekuek, Gorka Mugarzak eta Itsaso Etxebestek osaturiko taldeak bi lan argitaratu zituen: Katamalo (2007) eta Erantzi. Katamalo zuzenean (2008). Bi disko horiei esker taldeak oso harrera ona izan zuen euskal musikaren jarraitzaileen artean. Orain berriro ikusteko aukera izango da azaroan.

2007an agertu zen poema bilduma da Katamalo. “Zer ezkutatzeko mozorrotzen gara”, horixe izan zuen lehen bulkada Gotzon Barandiaranen bigarren liburu honek. Kantuaren ederra eta bertso librean indar espresiboa maneatuz apailatua dator. Egileak honela definitzen du Katamalo: “Katamaloa esaten diogu euskaldunok gure aurpegia beste bat bihurtzeko erabiltzen dugunari. Ez garena azaldu beharraz, itxurakeriaz, hipokresiaz, sakon maitatzeko beldurraz, zoriontsuak izan ezinaz, lotsaz, harrokeriaz, benetan garena onartu nahi ezaz idatzi ditugu poemak eta kantuak. Barre egingo diogu geure buruari eta hurkoarenari, tristetu egingo gara ispiluaren aurrean eta harro bezain pozarren biluztuko gara. Ostontzea agertzeko era bat baino ez delakoan.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button