
Urtearen hasieran Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatuak Foru Liburutegiaren 2012ko programazioa aurkeztu zuen, eta programazioa horrek aurrera egin du orain arte. Ikasturte berriarekin beste ekimen batzuk jarriko dira martxan eta hala, ohiko irakurle-taldeez gainera, hainbat tailer, erakusketa eta jardunaldi eskainiko dira.
Irakurketa Txokoak ireki du aurtengo programazioa eta txoko horretan, irakurketan interesa duten pertsonak bilduko dira, eta aukera egongo da irakurle eta idazleak elkartzeko. Hilean behin izaten dira topaketak, txandaka, gaztelaniaz eta euskaraz. Honako idazle hauek parte hartzen ari dira irakurketa txokoan: Inaxio Mújica, Willy Uribe, Arantza Urretabizkaia, Elena Moreno, Joanes Urkixo, Jon Bilbao eta Uxue Alberdi.
Jarduera horretan bezala, Euskara Irakurle Taldeetan ere irakurketaz gozatzea da helburua, bai eta jendea Irakurketa Txokoan parte hartzera animatzea ere. Jarduera hori otsailaren 9tik apirilaren 19ra burutu zen Julen Gabiriarekin eta irailaren 20tik abenduaren 13ra Udane Goikoetxearekin izango da. Etxean irakurriko da liburu bat eta bere gaiak, estiloa, ekintza, pertsonaiak, eta testuak eragindako sentimenduak eta gogoetak komentatzen dira.
Jarduera berezi bat ere egingo da azaroaren 13 eta 14an: LibuTEKia, non kultura-munduan teknologia berriak erabiltzeko gakoak aztertuko diren,
Tailer interesgarri bati hasiera eman zaio honezkero: emakumeen eta literaturaren harremanei buruzkoa. Josune Muñozek gidatua.
Gainera, aurten berriro ere, Foru Liburutegiak Bizkaidatz saria antolatuko du. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta azaroan hasiko da. Goizalde Landabasok idatzi du aurtengo ipuinaren hasiera.
Azkenik, Gorbeia inguruko ipuinak jarduerak emango dio amaiera aurtengo programazioari; Seve Calleja eta Manu Etxeberria arduratuko dira jarduera horretaz abenduaren 13an.