
Zarauzko Mantisa taldeak Plethora izenburuko bigarren lana plazaratu du oraintsu. Aurreneko lanean estilo gogorrak nagusitu baziren ere, tartean, hardcorea eta punk-rocka, oraingoan gipuzkoarrek pop garaikidearen esparrura egin dute salto.
Aipaturiko aldaketa estilistikoaz gain, bigarren nobedade bat nabarmendu da: taldeak tekla-jotzaile bat gehitu du, eta taldekide berri horrek pop melodiak girotu ditu. Ukitu elektronikoa ere ekarri du teklatu horrek. Kantuen hitzei dagokienez, gizakiaren sentimenduak jorratu dituzte, hala nola, etorkizuneko zalantzak eta iraganeko oroitzapenak (Hondarrak); gizabanakoaren esanahia (Plethora), edo animalien sufrimendua (Arrantza txapelketa).
Iñaki Castro bateria jotzailearekin mintzatu gara diskoaren xehetasunetan murgiltzeko. Castrok Red Ribbon Music kontzertu promotorearen arduraduna ere bada.
Musika estiloari dagokionez, disko honetan erabateko aldaketa izan da, pop eraginak nabarmenak dira. Zergatik gertatu da aldaketa hau?
Esperimentatzeko eta kantuen erritmoa jaisteko gogoa geneukan. Egia esan, oso pozik gaude estilo berriarekin. Hainbat estilotako musikak entzuten ditugu, eta hori diskoan islatu da. Era berean, ez dut uste bizitza osoan estilo bera joko duen talde bat garenik.
Jauzi estilistiko horrek zerikusi gehiago dauka taldea osatzen duzuen pertsonen heldutasunarekin musikarien heldutasunarekin baino? Urteak aurrera egin ahala punk sustraietatik aldendu zarete?
Nik uste dut baietz. Urteak igaro ahala, taldeak, gehienetan, baretu egiten dira , eta uste dut apur bat hori gertatu zaigula. Baina, era berean, ez dut uste baladekin egindako diskoa denik… lasaiagoa da, gitarrak garbiagoak, eta tarte gozoagoak ditu. Baina dinamikoagoa ere bada. Zati indartsuak aurreko diskokoak baino indartsuagoak dira. Indar gehiago dauka.
Aldaketa estilistiko horretan, halaber, tekla-jotzaile berriak ere zerikusi handia izango du. Zein neurritan eragin du soinu berri horretan?
Bada, eragin handia izan du. Aurreko diskoan teklatu tarte batzuk sartu genituen, baina oraingoan teklatuen konponketa batzuk sartzea nahi genituen. Gure laguna zen Xabirekin hitz egin genuen, eta teklatu batzuk sartu zituen. Diskoa amaitzerakoan teklatuen garrantziaz ohartu ginen; beraz, zuzenean gurekin jotzea eta taldekide izatea proposatu genion, eta horrela gertatu da…
Eta aldaketok nola eraman dituzue kontzertuetara?
Bada, kantuak estudioan grabatu ziren bezala jotzen ditugu zuzenekoetan, eta egia esan, oso gustura jotzen ditugu emanaldietan. Nik Mantisarekin zuzenenean gozatzen dut gehien, bai kantuengatik, bai lortu dugun soinuarengatik. Oso pozik nago.
Oraintsu Katalunian izan zarete diskoa aurkezten. Nolakoa izan da ikus-entzuleen erantzuna?
Jaso ditugun kritikak oso onak izan dira. Gainera, Seals-eko (taldea) eta Atzavarako (kluba) jendeak oso ondo tratatu gintuen. Zoragarria izan da!
Disko berrian bestelako kontuak ere asko landu dituzue: Hondarrak kantuaren klipa, diskoaren diseinua… Talde gisa kontu garrantzitsuak direla uste duzue? Taldea profesionalizatzen ari den seinale?
Detaileak beti zaindu ditugu asko, eta musika bezain garrantzitsuak direla irizten diogu. Oraingoan, eta musikan antzera egin dugu, pixka bat gehiago landu ditugu. Diskoaren estetika nahikoa garbia eta landua da. Oso pozik gaude diseinuarekin. Gure lagun Javi Prietoren lanari esker lortu dugu emaitza hori. Argazkiekin ere oso pozik gaude. Gorka Lasa (Lur Photo) argazkilariarenak dira. Eta bideoklipa bai izan dela kontu berria guretzat. Aurretik kantu bat grabatu genuen zuzenean Gazteszenan, baina klip bat egin dugun estreinako aldia izan da hau. Iosu Gonzalez taldeko abeslariak eta Javi Prieto diskoaren diseinatzaileak zuzendu dute. Lan asko egin dute, eta sektore zinematografikoko profesionalen laguntza izan dugu, eta hori nabaritzen da. Jende horren laguntzarik gabe, ezinezkoa izango zen bideoklipa egitea. Gure esker ona adierazi nahi diegu.
Diskoan bildu duzuen argazkietako bat, itsasoan sartuta zaudeten horrek, The Slint taldearen Spiderland diskoaren azala gogorarazten du.
Kasualitatea izan da. Egia esango dizut, ez nekien The Slintek itsasoan egindako argazki bat zeukatenik. Talde askok dituzte itsasoan egindako argazkiak. Eta tira, gu itsasotik oso gertu gaude, eta zenbait hitzekin itsasoa aipatzen dute. Horretaz gainera, estetikoki oso ondo gelditzen da. Horregatik egin dugu.
Bigarren disko hau zuek grabatu eta argitaratu duzue, diskoetxeen laguntzarik gabe . Zergatik?
Hainbat aukera aztertu genituen, eta gehien konbentzitu gintuena izan zen. Gaur egun diskoetxeek ez dute taldeen alde apustu egiten lehen bezala, ondo baino hobeto baitakigu nola dagoen kontu hau. Hala, errentagarritasun argia ikusi ezean, ez dizute baldintza onik eskaintzen. Azkenean, diskoetxe asko enpresak dira, eta errentagarritasuna bilatzen dute (bestalde, erabat zilegi iruditzen zait). Egun, disko bat baldintza onetan plazara dezakezu autoekoizpenaren bitartez, profesionaltasun berarekin, promozio kanpaina bertsuekin edo hobeekin, baldintza ekonomiko hobeekin, eta, gainera, diskoaren erabateko kontrola daukazu, eta hori ere garrantzitsua da… tresnak hor daude, lan gehiago baino ez da egin behar.
Bestalde Iñaki, zuk kontzertuak antolatzen dituzu, batez ere Donostia aldean. Duela gutxi, halaber, Ayo Silver promotorea ere hasi da kontzertuak antolatzen, eta lagunak izango dituzu. Donostia sutan dagoela ematen du. Betidanik esan da Donostia pop-hiria zela, baina azken boladan rock kontzertuak antolatzen ari zarete etengabe. Zer irizten diozu Donostiako egoera musikalari?
Bai, Ayo Silver lagunak ditut. Eta egia esan, talde oso interesgarriak ekartzen ari dira; haiengandik izango ez balitz, ezin izango genituzke talde horiek ikusi. Lan bikaina egiten dute!
Hori guztia oso positiboa da hiriaren giroarentzat eta ikus-entzuleentzat. Baina ez dago ikus-entzule nahikorik… zintzoa izango naiz, geroz eta txarrago ikusten dut… publiko gutxiago dago, eta ez dut belaunaldien arteko erreleborik ikusten. Bestalde, krisia dela eta jendeak diru gutxiago dauka, eta ezin ditu ordaindutako zenbait kontzertu ikusi astebetean, kasu batzuetan ezta bat bera ere. Eta taldeek disko gutxiago saltzen dutenez, etengabe ari dira kontzertuak egiten. Ondorioz, gero eta kontzertu gehiago daude. Eskaintza handia dago, eta eskaera, berriz, urria da. Egoera zaila da…