
Gazteentzat oso ahots eta tonu aproposean, eskola jazarpenari buruz hitz egiten du Maixa Zugasti idazleak Zozabarrak (Erein) izeneko lanean. Identifikaturik sentituko dira bullying-a pairatu dutenak.
Lanaren korapiloa honetan datza: Ustekabeko ikasgela-aldaketak hankaz gora jarriko du Juneren bizitza. Indarkeria eta ankerkeria ezagutuko ditu. Eta izua. Udaberrian agertu ziren lehen beldurrak, ahizpa atzerrira joatean. Hala ere, udazkenean, zozabarren etorrerarekin itxiko du haurtzaroko atea betiko. Garai ilun horretan ezagutuko du adiskidetasuna ere, Loretorena eta Mariarena. Gurasoen itzala ere lagun izango du.
Hortaz, egileak gaurkotasun handiko gaia landu du: gazteen jazarpena, egun, teknologiaren bidez ikastetxeetako hormak gainditu eta biktimen bizitzetako zirrikitu guztietara hedatzen dena.
Obrak badu poetikotasunetik zerbait (zozabarren metafora da oinarria), baina era berean oso estilo zuzena du, irakurleengan enpatia sortuko duena.
Egileak hainbat liburu plazaratuak ditu: Indarkeria matxistari buruzko LAA eleberriarekin, Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen, 2017an. Harrezkero, beste bi eleberri, ipuin bat eta poema-bilduma bat argitaratu ditu: Ahotsak eta itzalak (2018), Atarian (2022), Tximeletak hondartzan (2019), eta Hostoen hezurdura unatua (2021).