LITERATURA

Maiatzaren azken egunotan abiatuko da Bilboko Liburu Azoka

Bilboko Areatzan Euskadiko Liburu Ganbarak antolatutako Liburu Azokaren 54. edizioa egingo da maiatzaren 30etik ekainaren 9ra arte. Betiko legez, makina bat saltoki ezarriko dira liburugintza eta literaturaren argitalpen-nobedadeak zertan diren ikusteko eta liburu andana saltzeko asmoz.

Areatzan makina bat idazle ere bilduko dira liburuak sinatzeko baina pasealeku horretan egingo diren ekimenez gain, hainbat literatur aurkezpen eta kultur proposamen antolatu dira Liburu Azokaren baitan, Bidebarrieta Kulturgunean gauzatuko direnak.

Bertako Ekitaldi Aretoan egingo dira topaketak, 19:00etan, maiatzaren 29tik 31ra, eta ekainaren 3tik 7ra. Hainbat egilek beren azken lanak aurkeztuko dituzte. Adibidez, La innombrable, maiatzaren 29an, Lorenzo Silva eta Noemí Trujillorekin; José María Gorordoren Las iglesias de patrimonio privado de Vizcaya en la Edad Media, maiatzaren 30ean; Los de Bilbao nacen donde quieren, María Larrearena, maiatzaren 31n; La escritura que cura, Lucía Etxebarriarena, ekainaren 6an, edo Rafael Santandreuren No hagas montañas de granos de arena, ekainaren 7an.

Aipaturiko hitzordu hauek Begiradak elkarrizketa zikloarekin osatuko dira. Hala, ekainaren 3an, Txani Rodriguezek eta Virginia Mendozak arituko dira. Karmele Jaiok eta Goiatz Labandibarrek maitasun eta bekatu nagusiei buruz hitz egingo dute ekainaren 4an; eta Monika Zgustovak eta Mira Milosevichek Beste Europa gaiari buruz hitz egingo dute ekainaren 5ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button