LITERATURA

Eider Rodriguezek ipuin-bilduma berria kaleratu du

Ondoz ondoko lursailetan bizi diren andre-gizon bakarti bi, euren katuen harremanek elkartuak; eroritako hagin baten ondorioz eskolako lagun ahaztuarekin topo egitera beharturiko erizaina; oporrak gurean pasatzera datorren haur sahararrak etxekoen artean eragindako aztoramena; bi lagun errepidean, berriketa axolagabean; Parisen aberats izatera jolasten diren neska gazte parea…

Hemen eta gaur giroturiko zazpi istorioetan barrena, gizon-emakumeen sentimendu esan gabeko eta ahultasun ezkutuetan arakatzen du Eider Rodriguezek: desiraren zirrikituak, edertasunaren ongaitzak, diruaren morrontzak, sexualitatearen ernetzea, ilusioen itzaltzea… Lurralde lanbro-tsuetan mugitzen dira ipuin hauek, luma bisturitzat harturik, kontaturikoa bezain inportatea dutelarik isildurikoa.

Eider Rodriguez 1977an jaio zen Errenterian. Publizitatean lizentziatua. Editore, kazetari, gidoilari eta irakasle lanetan jarduna. Bi ipuin-liburu kaleratu ditu orain arte: Eta handik gutxira gaur (2004) eta Haragia (2007).

Honatx Elkar argitaletxeak bidali duen elkarrizketaren zatia, non idazleak ipuin bakoitzaren gaia aurreratzen duen:

Ipuin bakoitzari buruz eskatuko dizut zerbait komentatzeko. Hasteko, liburuari izenburua ematen diona, Katu jendea, bi gizon-emakume helduren istorioa.
Bi gizon-emakume eta haien maskotak, gizakia eta aberea, sexua eta maitasuna, euskara eta erdara.

Bigarrena, Hagina.
Egun batetik bestera edertasuna atzean uztear dela dakien emakumea.

Hazia, emakume erditu berriaren bakarrizketa.
Norbaitek esan dit gogorra eta tristea dela, baina niri oso dibertigarria iruditzen zait… Oso ongi pasatu nuen idazten.

Omarren uda, haur saharar bat hartzen duen familiari buruzkoa.
Elkartasunaren intimitatea nolakoa izan daitekeen irudikatu dut ipuin honetan.

On the road, titulu ezaguneko nobelarekin zerikusirik ez duena…
Kerouac-en protagonistek adina kilometro egiten dituzten arren, literaturtasunik gabeko hainbat senide dago gure herrian.

Kapitalismoa.
Ondasunei, jabetzei, negozioei… buruzko ipuin bat da. Familia-enpresa bat, belaunaldiz belaunaldi aberastuz joan dena.

Eta amaitzeko Louis Vuitton, Parisen girotua.Edertasunak lotutako bi lagunen istorioa.

Elkar argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button