LITERATURA

Luigi Anselmik “Larrazkeneko argi-ilunetan” poema liburua plazaratu du

Gaur, maiatzaren 25ean, Donostiako Udal Liburutegian Luigi Anselmik Larrazkeneko argi-ilunetan (Pamiela) lana aurkeztu du.

Poesia sorta berriarekin etorri da hiri handiko poeta, natura eta urtaroetara jo du berriz ere, bizitzaren eta egunerokoaren isla gisa. Argia eta ilunarekin jostetan dabil, heriotza eta bizitzarekin, alegera eta goibeltasunarekin bezala, horretarako inguruaren edertasuna eta urtaroak erabiliz. Egunerokoari zeharkako begirada batekin so egiten dio idazleak, eta naturaren irudi guziak berritzen dizkio gure soari. Liburu honek egunerokoaren saskian bertze irrimurritz bat sortuko dizu, irakurle, eta hori badaezpadako azti batek ere asmatuko luke.

Antzina
gazte ginelarik
gauak maite genituen
oroz gain,
festa luze zaratatsuak,
lagun elezuen konpainia,
edalontzi beteak…

Iragan dira urteak
eta orain
erdi hutsik dugu jadanik
bizitzaren basoa.
Horregatik agian
nahiago ditugu
bakardadea,
isiltasuna,
liburu zaharrak,
egunsentiak.

Sona handiko lanak plazaratuak ditu Luigi Anselmik (Bilbao, 1954), tartean, Zoo ilogikoa (Pamiela, 1985), Desiriko alegiak (Pamiela, 1988), Bacchabunda. Catulus-en omenez (Pamiela, 1993, 1994), Gure ametsen gerizan (Pamiela, 2000), Gau Ertzekoak (Pamiela, 2004), Bertzerenak (Pamiela, 2006), Nola elurretan beleak (Pamiela, 2008), edota Ahantzerriko kop(l)ak (Pamiela, 2016).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button