LITERATURA

Barakaldo, Bilbo, Sestao eta Leioak "ex!poesía" poesia jaialdia hartuko dute

Egitarau oparoa atondu dute ex!poesía jaialdiko antolatzaileek. Hasteko, hil honen 17tik 29ra bitartean Gurutzetako Kultur Etxean Poesia Visual izeneko erakusketa izango da Mikel Jauregui, Marisa Gutierrez, Javier Seco eta Eduardo Barbero autoreen eskutik. Azaroaren 19tik abenduaren 10era arte berriz, Barakaldoko Udal Erakusketa Gelan, eta Poesia la calle lelopean, kaleko kartel antzeko poesia bisuala egingo dute 16 poetek. Beste ekintza batzuk ere izango dira Barakaldon, hala nola, hilaren 26an El camión de la Poesía liburua aurkeztuko du Jon Andoni Goikoetxeak.

Azaroaren 20tik abenduaren 9ra jaialdia Sestaon izango da, Musika Kontserbatorioko erakusketa gelan hain zuzen. Bertan, Asuncion + Guasch autoreek liburu-objektuaren sormenaren inguruko performance-a egingo dute. Ekintza horrez gain, erakusketak eta erakustaldiak ere izango dira bertan.

Azaroaren 25ean, halaber, Leioako EHUko Arte Ederren Fakultatean LALATA una revista-objeto izeneko hitzaldia eskainiko dute Manuela Martinez Romero eta Maria del Carmen García Palaciosek. Hilaren 30ean, aldiz, Bartolome Ferrandok Sobre la poesía fonética y sonora berbaldia eskainiko du.

Bilboko Espacio Philippe Pascalek ere zenbait jarduera hartuko ditu. Hala, hilaren 26tik abenduaren 17 bitartean, arte postalari buruko erakusketa izango da. Azken egun horretan, gainera, Editoriales independientes y el futuro del libro izeneko mahai-ingurua, eta errezitalak eta performanceak izango dira. Bizkaiko hiriburuan ekintza poetikoak hartzeko prest izango den bigarren tokia ere izango da: Spazio Grossi. Bertan, erakusketa bat, El cachivache Tango (azaroaren 27tik abenduaren 17ra arte), eta ekintza bat egingo dira, Pegado de la obra en la urbe hain zuzen (abenduaren 17an).

Egitarau zabal horren xehetasun guztiak ex!poesía webgunean jasotzen dira.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button