
Musika Gela zikloko Eskola Kontzertuen baitan, Leire Bilbaoren euskarazko libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin, Euskadiko Orkestrak Logelan logale bere lehen haur kantata estreinatuko du Kursaalen maiatzaren 13an eta 14an. Hitzordu ederra maiatzaren 15ean errepikatuko da Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Euskadiko Orkestrarekin batera 1.000 haurrez osatutako abesbatza handi bat arituko da. Lau abesbatza handi dira oinarria: Easo Gazte, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Pasaia Txiki Abesbatza, eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-talde bat.
Eva Ugalde arituko da zuzendaritzan eta Amaia Zipitria pianojolea ere bertan izango da. Juanjo Oconek zuzenduko du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da protagonista ipuinaren narratiba gorpuzten.
Gainera, Maria Goiricelayak diseinatutako eszenografia berezi batek apainduko du zita musikala.
Logelan logale Euskadiko Orkestraren Musika Gela zikloko Eskola Kontzertuen baitan aurkeztuko da, honako erakundeen lankidetzarekin: Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Kursaal Eszena eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea.