MUSIKA

“Freskure Berezia” edo kontzertu potenteak Bilborock aretoan

Bilborock Bilbon indarra hartzen ari diren talde eta bakarlarien sorkuntza eta lanen erakusleiho izango da bete behin Freskure Berezia ekimen berriari esker. “Gaztea eta Bilbotarra zara, bakarlaria ala musika-taldekidea eta jo ahal izateko agertokiaren bila zabiltza? Zatoz Bilborockera! Bilborock gazteentzako eta gazte-elkarteentzako erreferentziazko topagunea da. Bilborocken bertako agertokian jotzeko aukera eskaini nahi dizugu antolatu ditugun kontzertuetan, Freskure deialdiaren bitartez.”

Aretoak hainbat kontzertu hartu du irailetik abendura bitartean, eta gaur, abenduaren 22an, izango da azkena, Freskure Berezia izenburupean. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira.
Hortaz, oholtza gainean, hiru talde elkartuko dira: Basurita, Axolotes Mexicanos eta Ezezez.

Basurita Bilbon jaio zen eta gure herrialdeko musikaren historian parte diren Cancer Moon, El Inquilino Comunista, Cujo edo Los Clavos taldeetako kideek osatzen dute.
Axolotes Mexicanos zurrunbilo bat dira. Horrela definitzen dituzte Madrilgo banda honen zuzenekoaz gozatzeko aukera izan dutenek. Estatuko pop-rockaren proposamen dibertigarri eta lotsagabeenetako bat dira.
Ezezez taldeak 2022an Unai Madariagaren eskutik jaiotako taldea da. Unairen bakarkako lehenengo lanak (The living and dying of a man, 2021) Eneko Ajangiz izan zuen produktore moduan, eta sortutako sinergia horrek jarri zuen taldea sortzeko hazia. Geroago Alvaro Olaetxea (Capsua) eta Mikel Irigoyen batu zitzaizkien. 2022ko urrian atera zen taldearen lehen diska, When I think something is funny I smile izenekoa. Kritika onak jaso eta gero, Euskal Herriko eszenan lekutxoa topatzea lortu izan dute. Duela gutxi talde horrek Katuzaldia izeneko lana plazaratu du euskaraz, eta harridura sortu du kritiko eta zaleen artean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button