LITERATURA

Literaturako funtsezko eragileen sormen-lana

Cristina Rivera eta Anjel Lertxundi idazleak saritu ditu Bilboko Gutun Zuria jaialdiak. Ohorezko sariok euskal eta nazioarteko literaturako funtsezko eragileen sormen-lana nabarmendu nahi dute “ibilbide, obra espezifiko edo kultura-proiektu garrantzitsu bat aitortuz”.
Azkuna Zentroak Gutun Zuria Bilbao-Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria ospatuko du martxoaren 28tik apirilaren 1era, eta Anjel Lertxundi euskal idazleak irekiko du jaialdia martxoaren 28an, Adan Kovacsics idazle eta itzultzaile txiletarrarekin solasean

Cristina Rivera Garza eleberrigile, poeta, ipuingile eta saiakeragilea Mexikoko literatura garaikideko ahots garrantzitsuenetako bat da, eta Sor Juana Inés de la Cruz Nazioarteko Saria bi aldiz jaso duen bakarra. Bere lanen artean, La cresta de Ilión (Tránsito argitaletxea, 2020) nabarmentzen da.

Anjel Lertxundi, berriz, idazle, literatur kritikari, kazetari eta gidoilaria, euskarazko literaturaren erreferentea da, eta 30 urte baino gehiagoko ibilbide oparoa du euskal literaturan. Bere lanik aipagarrienen artean, Otto Pette (Alberdania, 1994) eleberria dago, harekin 1994an Literaturako Sari Nazionaleko finalista izan baitzen narratiba modalitatean. Eskarmentuaren paperak lanarekin 2010eko Saiakerako Sari Nazionala jaso zuen, eta bi aldiz irabazi du Literaturako Euskadi Saria. Bere azken argitalpenak Itzuliz usu begiak (Alberdania, 2019) eta Desertuan behatxuloa (Alberdania, 2022) izan dira.

Gutun Zuria Bilbao jaialdia laster hasiko da Idatzi / Editatu / Irakurri izenburuarekin. Jaialdia “hitzaren inguruko urteroko topagunea da, fikzioaren, poesiaren, saiakeraren, eleberri autorearen eta literatura garaikidearen erreferenteen eta egungo narratibaren ahots berrien bidez. 2023ko edizioak gizartearen ezaugarri diren aldiberekotasun eta ugaritasunaren premisa hartzen du abiapuntu, eta idazketari, edizioari eta irakurketari begiratzen die praktika beraren zati gisa hartuta.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button