
Azaroaren 1etik 5era bitarte, eta literatura oinarri hartuta, Literatur Amuak jaialdia prestatu dute Ondarroan.
Aste osoan zehar adin guztietarako proposamenak izango dira, tartean, Ipuin rallya ikastetxeetan, Agustin Zubikarai saria eta Nanoipuin lehiaketako sari banaketa; irakurle taldearen hitzordua ere izango da, hileko azken zapatuan: Anjel Lertxundiren Zu liburuaren inguruan urriaren 28an, eta Philippe Caludelen Lihn jaunaren biloba azaroaren 25ean.
Agustin Zubikarai nobela sariaren irabazlearen izena azaroaren 1an emango da jakitera (epaimahaian Leire Bilbao, Ana Urkiza eta Xabier Mendiguren jesarri dira), eta iazko irabazlearen lan berria aurkeztuko da: Katixa Agirreren Amek ez dute idazten.
Bestalde, Nanoipuin lehiaketaren 7. edizioa izango da aurtengoa.
Egitarauaren barruan denetarik egongo da. Azaroaren 1ean, haurrentzat poesia lantzeko tailerra egingo dute Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak kaleratu berri duten Xomorropoemak eta Piztipoemak poesia liburuetan oinarrituta. Azaroaren 2an, Txakur Gorria kolektiboak (Nerea Ibarzabal, Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Ane Labaka) Xixili errezitaldia egingo du. Azaroaren 3an, Harkaitz Canok eta Maite Arrotajauregik (Mursego) Porto emanaldia egingo dute. Azaroaren 4ean, Pello Añorgak ipuinak nola sortu tailerra emango du goizean. Eta azaroaren 5ean, Uxue Alberdik Jenisjoplin bere nobela berria aurkeztuko du.
Literatura girotzeko musika ez da faltako. Azaroaren 4an, Keu Agirretxeak Jon Gurrutxaga musikariarekin batera kontzertua emango du, 22:30ean. Eta hurrengo egunean, Gorka Urbizu musikariak Gotzon Barandiaran idazlearekin batera zuzeneko emanaldia eskainiko du 19:00etan, Kofradia zaharrean.